Gizartea -

Indarkeria matxista

Sofan hilik aurkitu zuela esan du bikotekidea ustez ito zuen gizonak

Biktimaz arduratzen zela eta "asko zaintzen" zuela deklaratu du akusatuak. 2016ko uztailaren 23an Bilboko San Adrian auzoan gertatutakoaren inguruko epaiketa egiten ari dira.

Bikotea bizi zen kalea. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Bikotea bizi zen kalea. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da 2016an Bilbon bere bikotea ustez ito zuen gizonaren kontrako epaiketa. Esan duenez, emakumeaz arduratzen zen eta "asko zaintzen" zuen, eta hilik aurkitu zuen esnatu zenean. "Sofan etzanda aurkitu nuen, eta telebista ikusten lo geratu zela esan nion. Berak ezer ez erantzutean arduratzen hasi nintzen", esan du.

Bizkaiko Epaitegian egiten ari dira, zinpeko epaimahaiarekin, 2016ko uztailaren 23an Bilboko San Adrian auzoan gertatutakoaren inguruko epaiketa. Emakumea maltzurkeriaz hiltzea leporatzen diote gizonari, genero eta senidetasun larrigarriarekin.

Akusazioek 20 eta 25 urte bitarteko kartzela zigorra eskatu dute gizonarentzat.

Defentsaren arabera, gizona "toxikomanoa da, eta gainera, ez da pertsona normala", hilketa burutzea galarazten dioten "muga fisikoak" dituelako. Absoluzioa eskatzen du, eta erruduna irtetzen bada, droga eta alkohola kontsumoa salbuesle bezala kontuan hartzea.

Ahozko epaiketa-egunaren autoak jasotzen duenez, 2016ko uztailak 23ko gauerdian, etxebizitzako sofan etzanda zegoen biktima, ia korderik gabe, depresioaren eta antsietatearen aurkako sendagaien ondorioz, eta aurreko egunean garagardoa edan zuelako ondoko taberna batean.

"Emakumearen egoeraz baliatuta eta hiltzeko asmoarekin", akusatuak emakumea itoarazi zuen, dio autoak.

Emakumearen heriotzaren unean, akusatuak pertsonalitatearen desoreka zuen, paranoia eta jarrera antisoziala, baita aurreko lobuluan lesio neurologikoa ere, eta horrek jarrera antisoziala eta oldarkor, buruarin eta suminkor agertzea eragiten zuen. "Gainera, kalamua, ketamina eta metadona kontsumitzen zuen, modu kronikoan", idazkiaren arabera.

Bere abokatuari baino ez dio erantzun

Soilik defentsaren galderak erantzun ditu akusatuak. Abokatuaren arabera, instrukzioa eta polizien jardunketa "akatsez betea, subjektiboa eta partziala" izan zen. Bere iritziz, "arrazoizko zalantzak daude" ustezko hiltzailearen autoretzaren inguruan, eta "beste balizko alternatibak kontuan ez hartzea" deitoratu du.

Defentsako abokatuarentzat, ikerketan "errealitatea manipulatu da", eta ikuskapenak egin zituzten agenteek "zabarkeria argia" egin zuten. Esan duenez, akusatuaren eta biktimaren arteko harremana ez zen txarra, eta "bakarrik hiltzeko" aukera ere badago.

Akusatuak deklaratu duenez, egun horretan kalera irten ziren biak, eta edaten egon ziren auzoko taberna batean. Gizonak hiruzpalau garagardo ginarekin edan zituen, eta emakumeak alkoholarik gabeko zerbeza. "Tabernatik irten ginenean, apur bat arraro eta trakets sumatu nuen; gerritik hartu behar izan nuen", gehitu du.

Afaldu eta gero, gizona ohera joan zen eta emakumea "sofan geratu zen, telebista ikusten, askotan lo geratzen zen lekuan". Gauzak horrela, goizera arte ez zuen, esan duenez, gorpua aurkitu. "Etzanda aurkitu nuen, eta esan nion lo geratu zela... Berak ezer ez erantzutean arduratzen hasi nintzen, eta momentu horretan bere ama agertu zen", kontatu du.

"Nik 112 telefonora, bere alabari eta nire gurasoei deitu nien, eta bere amari ezer ez ukitzeko esan nion arren, pelikuletan ikusi nuen moduan, berak eskuohial bat hartu eta sudurra garbitu zion", esan du.

Momentu horretan "guztiz shock egoeran" zegoela esan du, eta azpimarratu du hildakoak eta auzoko batek zuten harreman txarra. Esan duenez, etxebizitzako balkoira ere jauzi egin zuen auzokoak.

Akusatuak biktimari buruz esan duenez, "depresioaren aurkako pilula asko" hartzen zituen, bere alabak ematen zizkionak, baita metadona ere. "Politoxikomanoa zen, erabat", esan du.

Lekukoen deklarazioa jarraituko du, astelehenean, epaikeak. Tartean, biktimaren alabak eta amak hitz egingo dute.

_________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Delituak Epaiketak Gizartea Albisteak Matxismoa