Gizartea -
Indarkeria matxista
76 urteko gizon tolosar bat espetxeratu dute, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Erasoa gizonaren etxean gertatu zen. Bertan egiten zuen lan biktimak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaileak 76 urteko gizon bat espetxeratzeko agindua eman du gaur, Tolosan emakume bati sexu-erasoa egin izana egotzita.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizona ostegunean atxilotu zuten, eta gertakariak apirilaren 19an jazo ziren, erasotzailearen etxean.
Biktimak gizonaren etxean egiten zuen lan eta, salaketaren arabera, apirilaren 19an, gauez, emakumeak erabiltzen zuen gelan sartu zen eta sexu-erasoa egin zion.
Emakumeak salaketa jarri ostean, ostegun arratsaldean, Ertzaintzak gizona etxean atxilotu zuen eta gaur goizean epailearen esku utzi du.
Epaileak 76 urteko gizasemea kartzelan sartzeko agindu du, sexu-erasoa egitea leporatuta.