Gizartea -

Kontsumobide

Berankorren zerrendak kontsultatzeko telefono iruzurren inguruan ohartarazi dute

807 telefono-zenbakira egindako deien ondorioz 335 euro arteko karguengatik erreklamazioak jaso ditu euskal Institutuak.

Berankorren fitxategi bat. ETBren bideo batetik ateratako argazkia.
Berankorren fitxategi bat. ETBren bideo batetik ateratako argazkia.
Berankorren fitxategi bat. ETBren bideo batetik ateratako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobidek ohartarazi duenez, badira aholkularitza eskaintzea eta berankorren fitxategietan doako tramiteak egitea promes egiten duten web-orri batzuk. Bertan, informazio-eskaera osatu ahal izateko, tarifikazio gehigarriko 807 telefono-zenbakietara hots eginez haiekin harremanetan jartzera behartzen dute bezeroa.

Nora Abete Kontsumobideko zuzendariaren hitzetan, jasotako erreklamazioen arabera, bezeroa linean jarri ondoren, teleoperadoreek "azalpenak edo datu pertsonalen bilketa luzatzen dute edo, zuzenean, komunikazioa eteten dute beste dei bat egitera behartzeko". Horrela, deiaren kostua izugarri igotzea lortzen dute. Kaltetutako pertsona batek, esaterako, 335 euro ordaindu zituen eskaera osatzeko behar izan zituen 7 deiak egiteagatik.

Mota horretako atariek oso antzeko moduan dihardute eta kontsumitzaileen ezjakintasunaz baliatu ohi dira. Norbaitek bere izena berankorren fitxategi batean egon daitekeela susmoa badu, zalantzak argitzeko Interneteko bilatzaileetara jotzen du. Webguneak hainbat orrialderen zerrenda itzultzen du; haietan, pertsona bat ondare-kaudimeneko zerrenda horietakoren batean agertzen ote den doan kontsultatzeko aukera ematen dela ziurtatzen da.

Pertsona fisikoek berankorren fitxategi bat doan ikusteko eskubidea dute, euren datuak bertan jasota dauden jakiteko. Datuetan sartzeko eskubidea deitutakoa da eta datu pertsonalak babesteko araudian erregulatua dago. Halaber, informazio hori okerra bada edo osatu gabe badago, informazioa zuzentzea eskatzeko eskubidea dute; edo, informazioa errealitatearekin ez badator, informazio hori ezeztatzeko eska dezakete. Eskubide horiek pertsonalak dira, hau da, eraginpean dauden pertsonek bakarrik gauza ditzakete, norbera identifikatu ondoren.

Berankorren fitxategiei buruzko informazio-web horiek, euren publizitatean, aipatutako tramite horiek doan direla azpimarratzen dute. Baina ez dute adierazten enpresa bitartekariak direla, eta eskaera formalizatzeko, eurekin harremanetan jartzea eskatzen dutela tarifikazio gehigarriko telefono baten bitartez; zehazki, 807 baten bitartez. Arauz zerbitzu profesionalei bakarrik esleitzen zaizkien zenbaki horietarako deiak ezin dira 30 minutu baino gehiago luzatu eta euren prezioa zenbakiaren laugarren digituaren arabera aldatzen da.

Gainera, deiaren hasieran enpresaren izenari eta deiaren kostuari buruzko informazioa emango duen grabazio bat entzun beharko da eta, ondoren, 5 segundoko tarte bat egongo da, deia etetea edo deiarekin aurrera jarraitzea erabakitzeko. Grabazioa entzun arren, zenbait pertsonek komunikazioa ez dute eteten eta, ondoren, neurriz kanpoko telefono-fakturak jasotzen dituzte.

Ondorioz, Kontsumobidek gogorarazten du edonork berankorren fitxategi batean dagoen zuzenean egiazta dezakeela, tarteko enpresa batekin harremanetan jartzeko beharrik gabe.

Hori horrela, norbaitek bere izena ondare-kaudimeneko zerrenda batean agertzen ote den jakin nahi badu, berak sinatutako eskaera eta bere NANaren fotokopia erregistro ezagunenetako batera bidal dezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Iruzurrak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak KontsumoBIDE