Gizartea -
Gatazka aireportuetan
Rubalcaba: 'Horrelakorik ez da errepikatuko ez Gabonetan ez aurrerago'
Gertatutakoa "oso larria" dela esan du Barne ministroak. AENA, bestalde, kontrolatzaile guztiei espedientea zabaltzen hasi da.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko lehen presidenteordeak aireportuetan ez dela arazo gehiagorik egongo ziurtatu du, "ez Gabonetan eta ez Gabonen ostean". Rubalcabaren hitzetan, aire-kontrolatzaileek bezalako gutxiengo batek herria hankaz-gora jartzea saihesteko asmo sendoa dauka Exekutiboak.
Moncloa jauregian emandako prentsaurrekoan, kontrolatzaileek % 90 lanean ari direla esan du Barne ministroak. Kopuru hori "normala" da eta horrek ia hegaldi guztiak airean egotea ekarri du. Hala ere, AENAren arabera, 48 ordu pasa beharko dira normaltasun osoa berreskuratzeko.
Rubalcabak argi utzi nahi izan du "inolako dudarik gabe" Gobernuak ez duela azken 24 orduetan bizi izandako egoera errepikatzea onartuko.
Lehen presidenteordeak, gainera, AENA lanera joan ez diren kontrolatzaile guztiei espedientea zabaltzen hasi dela iragarri du. Erabaki horrek ez die Fiskaltzak irekitako ekintza penalei oztopo egingo, ezta herritarrek epaitegietan jarri ditzaketen salaketei ere.
Bestalde, Rubalcabak ondorengo orduetan Kongresuan agerraldia egitea eskatuko duela adierazi du Gobernuak alarma egoera zergatik ezarri duen azaltzeko. Egoera horrek 15 egun iraungo ditu. Epe hori luzatu egin daiteke Gobernuak Parlamentuari beharrezko baimena eskatu ezkero.