Gizartea -
ERASOA
Bi zakur arriskutsuk Mungian zauritutako mutilak onera egin du
Ertzaintzak txakurren jabearen aurkako ikerketa hasi du, zuhurtziagabekeria larria eta lesio delitu bat egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan larunbatean, Mungian (Bizkaia), bi zakur arriskutsuk zauritutako 16 urteko mutikoa sendatzen ari da, Mungiako Udalak jakitera eman duenez. Besoetan eta hanketan kosk egin zioten eta ospitaleratu behar izan zuten. Udalaren arabera, Mungiako Udala, Udaltzaingoaren bidez, biktimaren eta haren familiaren zerbitzura jarri da “lehen unetik”, eta gaztearen familiak eskertu egin ditu jasotako elkartasuna eta babesa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, gertakariak iragan larunbat arratsaldean jazo ziren, Mungiako Goikoetxe auzoan. Mutikoa patinetean zebilela, ondoan txakurra zuela, arraza arriskutsuko bi zakur, Pit bull terrier bat eta Staffordshire terrier bat, etxe batetik atera zitzaien eta eraso egin zieten.
Biktimaren oihuak entzunda, inguruetan zerbitzutik kanpo zegoen ertzain bat egurrezko taket batekin hurbildu zen erasoa gelditu nahian, baina txakurrek aurre egin zioten eta adingabeari besoetan zein hanketan kosk egiten jarraitu zuten. Ertzaina, orduan, eskopeta baten bila joan zen, eta bertara itzulitakoan, bi zakurrak hil zituen.
Gazteari zauritu larriak egin zizkioten bi zakurrek, eta ospitalera eraman behar izan zuten, besoetan eta hanketan egindako zauriak sendatzera. Ertzaintzak zakurren jabearen aurkako ikerketa hasi du, zuhurtziagabekeria larria eta lesio delitu bat egotzita. Zakurren jabeak animalia arriskutsuak eduki ahal izateko Mungiako Udalaren baimena zuen.
Mungiako Udalaren arabera, Ertzaintza Mungiako Udaltzaingoaren laguntzarekin ari da gertatutakoa ikertzen, eta lan horiek bukatutakoan, epailearen esku utziko dute auzia.
Azken urteetan egin bezala, zakurren jabeek egin ditzaketen urraketak kontrolatzen eta zaintza lanak egiten jarraituko du Udaltzaingoak, Udalak erantsi duenez.
Horrela, 62 jabe zigortu dituzte urraketaren bat egiteagatik; horietatik 16, iaz. Zakur arriskutsuen jabeak ziren horietako 13.
Gainera, 2012tik jabeen kontrolik gabe edo solte noraezean aurkitu dituzten 700 txakur baino gehiago bide publikotik kendu dituztela jakinarazi du Udalak. Txakur horiek berreskuratzeko dagokien tasa ordaindu behar izan dute jabeek.
“Neurriak hartzen jarraituko dugu, mungiarren segurtasuna bermatzeko, eta gure herrian elkarbizitza ona eta zintzoa izateko beste formula batzuk aztertuko ditugu”, gaineratu du Udalak.