Gizartea -

Aintzatespena

2017ko Euskadi Ikerkuntza saria, Enrique Echeburua psikologoarentzat

Echeburuaren ikerketek bikotekidearen kontrako indarkeria, sexu erasoak, jokorako adikzioa eta substantziarik gabeko adikzioak, eta antsietate nahasmenduak jorratu dituzte nagusiki.

Echaburua Euskal Herriko Unibertsitatean Psikologia Klinikoko katedraduna da. Argazkia: Irekia
Enrique Echeburuak jasoko du Euskadi Ikerkuntza Saria

1:00

erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Echeburua Psikologia Klinikoko katedradunak jasoko du 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria, epaimahaiaren erabakiz. Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak psikologo donostiarraren aldeko ebazpena jakinarazi du, sariaren 22. edizioan aurkeztutako zortzi hautagaien artean hautatzeko astearte honetan Bilbon elkartu ondoren. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak telefonoz jakinarazi dio sarituari ebazpena.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, baita Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta EAEtik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan Gizarte Zientziak eta Humanitateak modalitatean egiten da deialdia, eta urte bikoitietan, aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen da.

Enrique Echeburua Donostian jaio zen, 1951an. Madrilgo Complutense Unibertsitatean Psikologian doktorea (1978) eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Psikologia Klinikoko katedraduna da (1989). Bere ikerketa lana EHUko Psikologia Fakultatean gauzatu du, 1980ko hamarkada erdialdetik aurrera, bereziki garrantzi sozial handiko gaiei aplikaturik: bikotekidearen kontrako indarkeria, sexu erasoak, jokorako adikzioa eta substantziarik gabeko adikzioak, eta antsietate nahasmenduak.

Lan ildo horietatik nazioarteko hainbat argitalpen plazaratu ditu, baita liburu esanguratsu eta doktore tesiak ere. Jokabide Terapien Ikerketarako Zentroaren ikerketa saria (Madril, 1990) edota Psikologoen Elkargo Ofizialaren ikerketa saria (Madril, 1994) jaso ditu, besteak beste.

Halaber, bikotekidearen kontrako indarkeria kasuetan laguntza psikologikoa emateko Jaurlaritzak, Emakundek eta aldundiek itundutako hainbat programa abian jartzearen ardura izan du Echeburuak, baita sexu erasoak jasan eta Justiziaren aurrean agertu behar izaten duten adin txikikoei babesa emateko protokolo baten ardura ere.

Echeburua irakaslearen lantaldeak diseinaturiko programak biktimen eta tratu txar emaileak artatzeko Euskadiko erreferentziazko zentroetan aplikatzen dira. Gainera, Bikote Barneko Indarkeria Arriskua Aurreikusteko Eskala ere diseinatu du talde horrek, eta hori da gaur egun ofizialki Ertzaintzak darabilen gailua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Gizartea Albisteak Zientzia