Gizartea -
Pint of Science 2018
Zientzia herritarrei hurbilduko diete datorren astean Euskal Herriko hainbat herritan
Bilbon, Donostiak, Gasteizek, Iruñeak eta Ondarroak Pint of Science jaialdia hartuko dute maiatzaren 14an, 15ean eta 16an.
agentziak | erredakzioa
Pint of Science zientzia hedapen jaialdia Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Ondarroan egingo da maiatzaren 14an, 15ean eta 16an. Topaketak ikertzaileak eta herritarrak batuko ditu tabernetan, zientziaz mintzatzeko.
Aurten bost herri horiek hartu dute jaialdia gurean. Topaketek hainbat zientzia gai jorratuko dituzte (klima aldaketa, neurozientzia, historia eta galaxiak, tartean), eta esperimentuak, erakustaldiak, monologoak, ikuskizunak eta emanaldiak egingo dira, hitzaldiak entretenigarriak izateko.
Bilbon, establezimendu hauek hartuko dute parte jaialdian: Hika Ateneo, Kafe Antzokia, Erribera, Dock eta Kubrick, eta guztira, lau hitzaldi emango dira egunean.
Donostian, Alboka, Atxerri Bar & Jazz, La Cripta eta Puntudenda lokaletan izango dira egoitzak, eta zazpi hitzaldi eskainiko dituzte egunean.
Iruñeak lau hitzaldi eskainiko ditu guztira Chester Gastrobar, Bahia eta Zentral lokaletan.
Ondarroan, bi mintzaldi egongo dira egunean, Beikozini, Kirrixki eta Idoia tabernan.
Azkenik, Gasteizen, lau hizketaldi egingo dira egunean, Ordi garagardotegian eta Andre Maria Zuriaren plazan, 2.ean.
Jorge Bueno jaialdiaren koordinatzailearen arabera, publikoaren “jakin-mina” da Pint of Science ekitaldiaren osagai garrantzitsuena. Horren esanetan, topaketaren helburua zientzia publikoari toki arruntetara hurbiltzea da, jendearen artean interesa pizteko.
Ekitaldiak Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialen bitartez jarraitu ahalko dira.
Nazioartean
Estatuan eta nazioartean, egun berean egingo da jaialdia. Estatuan, 51 hiritan egingo dute Pint of Science, eta nazioartean, Europako, Amerika, Asiako eta Ozeaniako 272 hiritan.
Ikerketa zentroak, unibertsitateak eta zientzia alorreko erakundeek parte hartuko dute ekimenean.