Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Barakaldoko Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da
Erasotzaileak urruntze-agindua zuen. Herriko neska gaztearen hilketa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Udalak 18:00etarako. Arartekoak ikerketa espedientea zabalduko du.
Erredakzioa
25 urteko emakumearen hilketaren kasuan akusazio partikular gisa aurkeztuko dela adostu du Barakaldoko Udalak bozeramaileen batzordearen bileran. Ehunka pertsonek Barakaldoko Udalak deitutako elkarretaratzean parte hartu dute gaur arratsaldean, Herriko Plazan.
Udaleko talde guztietako ordezkariak pankartaren atzean izan dira. Leloa, ''Emakumeen aurkako indarkeriari, ez''.
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko neurriek porrot egin ote zuten aztertzeko espedientea zabalduko du Iñigo Lamarca Arartekoak.
Ertzaintzak azaldu duenez, 25 urteko atxilotua emakume gaztearen etxera joan zen atzo arratsaldean eta labanaz eraso egin zion, baita une horretan berarekin zegoen mutil-lagunari ere. Emakumea berehala hil zen eta 29 urteko gizonezkoa larri zaurituta geratu zen.
Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, bere pronostikoa erreserbatua da eta lasaigarriak eman behar izan dizkiote. Astearte honetan emandako mediku-partearen arabera, lepoan duen ebakiak ez die odol-hodi garrantzitsuei eragin, baina arnasa hartzeko makina baten laguntza behar du.
Ertzaintzak minutu batzuk geroago topatu zuen erasotzailea Barakaldon bertan, eta atxilotuta komisaldegira eraman zuten.
Atxilotuak aurrekariak ditu delituak egiteagatik eta urruntze-agindua ere ezarrita zeukan, joan den azaroan biktimak jarri zuen salaketa baten ondorioz.
Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian gertatutako guztia argitzeko asmoz.
Gaztearen osaba
Bestalde, urruntzeko agindu guztiak bete daitezela eskatu die agintariei Jose Luis Barreiro biktimaren osabak, eta ilobaren egoera berdinean diren emakumeei "salatzeko" esan die.
Cristinak bizi izandako "infernua" azaldu die komunikabideei Barreirok, izan ere, bikotekide ohiaren mehatxuak jasotzen urtebete baino gehiago zeraman, "bakarrik uzten bazuen hil behar zuela esaten zion".