Gizartea -

Eskandalua Eliza katolikoan

Txileko gotzainek kargua utzi dute pederastia kasuen eskandalua tarteko

Vatikanoak egindako txosten batek egiaztatu duenez, gotzainetako batzuek apaiz pederastak estali zituzten, tartean Karmelo Karadima, hainbat urtez adigabeei abusuak egiteagatik zigortua.

Frantzisko aita santua gotzainekin. EFE
Frantzisko aita santua gotzainekin. EFE
Frantzisko aita santua gotzainekin. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez da giro Txileko Eliza Katolikoaren baitan. Duela zortzi urte, 80 bat apaiz pederastia kasuetan nahasita egon zirela zabaldu zen. Berriki, kasuok kudeatzeko orduan "akatsak eta utzikeria" atzeman zituen Vatikanoak; are, gotzain batzuek kasuen berri bazutela eta estali egin zituztela zabaldu da. Gaur, auzi hori tarteko, Txileko gotzain guztiek uko egon diote euren karguari, ohar bateratu batean iragarri dutenez.

Frantzisko aita santuak deituta, Vatikanoan izan dira 34 gotzain horiek maiatzaren 15etik 17ra. Azken egunotan, azalpenak eskatu dizkie aita santuak eta biktimei barkamena eskatzeko ekitaldia antolatu du. Juan Barros Osornoko gotzainaren kasuak hartu du harrabots gehien. Vatikanoak egindako ikerketa baten arabera, Barrosek bazekien Fernando Karadima apaizak hainbat urtez adingabeei gehiegikeriak egin zizkiela. Karadima bizitza guztirako zigortu zuen Elizak 2011n, pederastiagatik.

Aita santuak berak izendatu zuen Barros, eta errugabea dela defendatu du hasieratik, baita Txilera egindako bidaian ere. Handik bueltan, ordea, barne ikerketa bat eskatu zuen. Txostenak "akats larriak eta utzikeria" atzeman zituen pederastia kasuok kudeatzeko orduan.

Aita santuarekin hainbat bilera egin ondoren, kargua uzteko erabakia jakinarazi dute gaur gotzainek. Adierazpena Fernando Ramos Perez Txileko Gotzainen Batzarreko idazkari nagusiak eta Juan Ignacio Gonzalez Errazuriz gotzainek irakurri dute: "Gure kargua aita santuaren esku utzi dugu, berak zer erabaki zain", nabarmen dute.

"Justizia berrezarri eta egindako mina aitortzeko"

Gotzainek "barkamena eskatu dute biktimei, kristauei eta herrialdeari eragindako minagatik, egindako akats larriengatik eta erakutsitako utzikeriagatik".

Era berean, eskerrak eman dizkiete biktimei azaldu duten "pertseberantziagatik eta adoreagatik". "Zailtasun pertsonal, espiritual, sozial eta familiarrak gainditu dituzte,  Elizaren partetik erasoak eta enpatia falta jasotzen zuten bitartean", erantsi dute.

Gotzainen hitzetan, pauso bat aurrera egin dute "justizia berrezarri eta egindako mina aitortzeko" asmoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Delituak bideoak Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Txile Umeak Sexu erasoak gaur Eliza Katolikoa eta abusuak Eliza Katolikoa