Gizartea -
Lanak Leitzarango autobidean
Zirkulazio aldaketak A-15ean, Irurtzun eta Latasa artean
Kaxarnako biaduktua konpondu behar dute eta, hori dela eta, bost hilabetez, bi noranzkoetako zirkulazioa bakarretik bideratuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetatik hasita eta bost hilabetez, Leitzarango autobideko (A-15) erabiltzaileek zirkulazio aldaketak izango dituzte Irurtzun eta Latasa artean. Bi kilometroko tartean, noranzkoetako batetik joan beharko dira Donostiarantz eta Iruñerantz doazen ibilgailuak, eta gehienez orduko 60 kilometroko abiaduran (40an, leku batzuetan).
Kaxarnako biaduktua (115,900 kilometroan, Imotz parean) konpondu behar dute, eta horrek eragingo ditu aldaketok, Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez. Hezetasunak eta euriak eraginda, zubibideak kalteak ditu egituraren azpian.
Lanok egiteko, autobideko tarte batean (114,500 eta 116,100 kilometroen artean) bi noranzkoetako zirkulazioa bakarretik bideratuko dute. Bitartean, bestean egitura konpontzeko beharrak egingo dituzte eguneko 24 orduetan.
Maiatza eta uztaila bitartean, Donostiako noranzkoan jardungo dute, eta ibilgailuek Iruñeko noranzkotik joan beharko dute. Abuztutik urrira bitartean, aldiz, lanak Iruñeko bidean egingo dituzte, eta zirkulazioa Donostiako noranzkotik bideratuko dute.
Gehienezko abiadura orduko 60 kilometrokoa izango da, eta zenbait tartetan, 40koa.
Nafarroako Gobernuaren arabera, NA-1300 errepideari ere eragin ahal diote lanok.