Gizartea -
Jaiotzen murrizketa
EAEn 17.055 haur jaio ziren 2017an, aurreko urtean baino % 6,5 gutxiago
30 eta 34 urte arteko amen taldea oraindik ere nagusi izan zen, haien artean izan baitziren erditzeen % 35,2. Bestalde, 40 urte baino gehiagoko amak 25 urtetik beherakoak baino gehiago izan ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 17.055 haur jaio ziren 2017. urtean, hau da, aurrekoan baino 1.185 gutxiago. Horrela, iazko jaiotzen kopurua % 6,5 murriztu zen, 2016. urteko datuekin alderatuta, Eustat estatistikaren euskal erakundeak astelehen honetan jakinarazi dituen behin-behineko datuen arabera.
Jaiotzen kopuruak behera egin zuen iaz EAEko hiru lurraldeetan, 2016ko datuekin alderatuta. Hain zuzen ere, Gipuzkoan 438 jaiotza (% 7,3) gutxiago izan ziren, Bizkaian 633 (% 6,9) gutxiago eta Araban 114 (% 3,7) gutxiago.
Bestalde, 2017ko laugarren hiruhilekoan 4.231 haur jaio ziren EAEn, aurreko urteko aldi berean baino % 3,6 gutxiago. Jaiotza kopuruak hiru lurraldeetan gutxitu ziren: Araban 732 haur jaio ziren (% 5,2 gutxiago), Bizkaian 2.126 (% 3,5 gutxiago) eta Gipuzkoan 1.373 (% 2,8 gutxiago).
Iazko azken lauhilekoan ama izandakoen artean, horien % 22,4 atzerritarrak izan ziren; Araban % 29,4, Bizkaian % 19,8 eta Gipuzkoan % 22,5.
Halaber, 30 eta 34 urte arteko amen taldea oraindik ere nagusi izan zen, haien artean izan baitziren erditzeen % 35,2. Ondoren, 35 eta 39 urte arteko amen taldea kokatu zen (erditzeen % 33,9), eta jarraian 25 eta 29 urte artekoena (% 13,3). Bestalde, 40 urte baino gehiagoko amak (% 11,6) gehiago izan ziren 25 urtetik beherakoak (% 6) baino.
Bestalde, 2017ko laugarren hiruhilekoan ezkontzaz kanpo jaiotako haurrak % 44,7 izan ziren, 2016koan baino % 0,3 puntu gutxiago.
Datuak hurrenkeraren arabera sailkatuta, 2017an jaiotako umeen 2.195 lehenengo seme-alabak (% 51,9) izan ziren, aurretik beste bat bazen familietara 1.584 (% 37,4) heldu zen, eta hirugarren eta ondorengo seme-alabak 452 (% 10,7) izan ziren. Azkenik, 2017ko azken hiruhilekoko jaiotzen 1.536 urrian izan ziren, 1.386 azaroan eta 1.309 abenduan.