Gizartea -

Epaia

Arantza Palaciosen bikotekidea absolbitu dute

Gizona emakumearen heriotzaren erruduna ez dela erabaki du zinpeko epaimahaiak, epaiketan zehar aurkeztutako frogekin zigortzea posible ez dela iritzita.

Akusatua epaiketan. Artxiboko irudia: EiTB
Akusatua epaiketan. Artxiboko irudia: EiTB
Arantza Palacios hiltzeagatik epaitu duten gizona absolbitu dute

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Palacios bikotekidea itotzea egotzita epaitu duten gizona absolbitu du zinpeko epaimahaiak. Gertakariak 2016ko uztailaren 23an, Bilboko San Adrian auzoan, gertatu ziren. Akusatua emakumearen heriotzaren "erruduna ez" dela erabaki du auziko epaimahaiak, epaiketan zehar aurkeztutako frogekin zigortzea posible ez dela iritzita, astearte honetan argitaratutako epaiaren arabera.

Auzipetuaren aurkako epaiketa iragan ostegunean bukatu zen, Bizkaiko Lurralde-auzitegian. Auzia zinpeko epaimahairekin aztertu dute. Aurrez pentsatutako hilketa delitua leporatu zioten, genero eta ahaidetasun larrigarriekin.

Fiskaltzak 20 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen, akusazio partikularrak (hildakoaren alabaren ordezkari) 22 urte eta erdiko kartzela-zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordaina, eta herri-akusazioaren abokatuak (Bilboko Udala) 25 urteko zigorra.

“Erruduna ez” dela ebatzi du epaimahaiak, heriotzaren “egiletza zehazteko ebidentzia” faltagatik.

51 urteko emakumea 2016ko uztailaren 24 goizaldean hil zen, San Adrian auzoko etxebizitza batean. Bere amarekin eta 49 urteko bikotekidearekin bizi zen.

Akusatua eta hildakoa toxikomanoak ziren. Hiru hamarkadatan izan ziren bikote, eta emakumeak depresioaren aurkako botikak hartzen zituen, baita C hepatitisaren eta Parkinsonaren kontrakoak ere.

 

Epaia: "Ez dira akusatuaren DNA zantzuak biktimaren aurpegian eta tokian topatu"

 

Akusatua “hilketa delitu-egitatearen errugabe” jo du herri-epaimahaiak aho batez. “Beste pertsona batek arnasbideak itxita biktima itolarriz” hil zela frogatutzat jo du epaimahaiak. Heriotzaren unean emakumea konortea erdi galduta edo sedaturik zegoela ebatzi du epaiak, psikofarmako, metadona eta beste substantzia batzuk hartu zituelako, guztia gaixotasun hepatiko baten testuinguruan.

Hala ere, “biktimak konortea erdi galduta zuela ustezko egileak egoeraz aprobetxatu edo baliatu zela egiaztatzeko froga nahiko ez dira aurkitu”, baloratu dute epaimahaiko kideek. “Epaitegian aurkeztutako frogekin akusatuari egiletza egiaztatzerik” ez dagoela defendatu dute.

Zentzu horretan, auzitegiko medikuek eta Ertzaintzako ikertzaileek egindako azterketetan “ez dira akusatuaren DNA zantzuak biktimaren aurpegian eta tokian topatu”, erantsi dute epaian. “Biktimaren odol zantzuak bakarrik aurkitu dituzte”, azpimarratu dute.

Era berean, hildakoaren masailalbo-hezurrean, “zonalde horretan presio egin dutela egiaztatzeko markak aurkitu dituzte, baina DNAren zantzurik gabe, ezta hatz-markarik ere gertakarien egiletza frogatzeko”, azaldu dutenez.

Bestalde, “agertokiaren manipulazio etengabearen ondorioz”; izan ere, hasiera batean heriotza naturala izan zela uste zuten; “ikerketarentzako garrantzitsuak ziren ebidentzia osagaiak ezabatu, manipulatu eta suntsitu” ziren, eta “egiletza zehazteko beste ebidentziarik” ez dute aurkitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Albisteak Matxismoa