Gizartea -

Epaiketa

Mezu sexualak bromazalea delako igortzen zituela esan du Gasteizko irakasleak

Fiskaltzak 16 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Gasteizko institutu bateko irakaslearentzat, lankide bati eta bi ikasleri sexu-gehiegikeriak egitegatik.

Gasteizko irakaslea epaiketan. Argazkia: EiTB
Gasteizko irakaslea epaiketan. Argazkia: EiTB
Sexu erasoaz akusatuta dagoen irakasle baten kontrako epaiketa hasi da

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da Gasteizko institutu bateko irakasle baten aurkako epaiketa Arabako Lurralde Auzitegian. Lankide bati eta bi ikasleri jazarpena eta sexu-gehiegikeriak egitea leporatzen diote. Horietako bati, gainera, sexu-erasoa egin ziola egozten diote.

Auzipetuak gehiegikeriarik egin izana ukatu du, sakelako telefonoaren bidez mezu sexualak bidaltzen zizkiela aitortu du, baina bromazalea delako eta haiekin harreman ona zuelako egiten zuela zehaztu du.

Biktimek ere deklaratu dute gaurko saioan. Ukituak egiten zizkiela, mezu sexualak bidaltzen zizkiela, mezu horiek deseroso sentiarazten zietela eta berarekin bakarrik gelditzeko beldurra izatera iritsi zirela kontatu dute.

Fiskaltzak 16 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, baita akusazio partikularrak eta Eusko Jaurlaritzaren –institutua Hezkuntza Sailaren menpekoa baita- abokatuak ere. Defentsak, berriz, auzipetuaren absoluzioa galdegin du.

Gertakariak 2015-2016 ikasturtean jazo ziren. Akusatuak ordurako 15 urte zeramatzan institutu horretan irakasle lanetan. Nekazaritza eskolak ematen zituen.

Epaiketan ukatu egin du hiru emakumeei ukituak egin izana, baina aitortu du sakelakoarekin mezuak igorri zizkiela. Fiskalaren arabera, haien itxura fisikoari edo janzkerari buruzko mezuak ziren eta batzuk aipatu ditu: "Hori ipurdia" edo "zure kurba guztiak nabarmentzen ditu jantzitxo horrek". Muxu bat eskatuz ere idatzi zion haietako bati: "Ematen ez dizkidazun muxuak; jakin dezazula saiatzen jarraituko dudala".

Bestalde, ukatu egin du hiruetako bati sexu-erasoa egin izana. Salaketaren arabera, hormaren kontra jarri eta eskua kamisetaren azpitik sartzen saiatu zen. Bien arteko "jolasa" izan zela esan du, "kili-kiliak egin eta barre egiteko momentu bat izan zen".

Biktimak, berriz, erasoa izan zela berretsi du. Garrasi egin zuela eta gelditzeko eskatu ziola. Kide batek lekuko gisa deklaratu du eta haren bertsioa berretsi du.

Hiru biktimen testigantzak

Hiru biktimek esan dute akusatuak ukituak egin zizkiela, harekin bakarka gelditzeko beldurra izaten zutela eta mezuen bidez jazarri egiten  zituela. Horietako batek gainera adierazi du egoera horren ondorioz lo egiteko arazoak izan zituela eta norbait atzetik jarraitzen ari zitzaionaren irudipena izaten zuela.

"Erratza pasatzeko esaten zidan bitartean ipurdikoa eman zidan", "bularrak aurretik eta atzetik ukitu zizkidan", "traktorean egindako praktiketan eskua nire izterrean jartzen zidan", azaldu dute biktimek.

Akusatuaren lankideak esan du urteetan jasan zuela mezu bidezko jazarpena eta institutuko zuzendaria ohartarazi zuela.

Zuzendariak azaldu du, gertakari horien berri izan aurretik, ikastetxean egindako inkesta anonimoen bidez jakin zuela akusatuak ikasleak sexuaren arabera ezberdin tratatzen zituela. Orduan irakaslearekin hitz egin zuela, baina honek inkestek esandakoa ukatu ziola erantsi du.

Epaiketak bihar jarraituko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Gaurko titularrak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Irakasleak azken ordukoa