Gizartea -
Hondartza denboraldia
Bizkaiko hondartza denboraldia ostiralean abiatuko da
Guztira 273 pertsona egongo dira lanean inguruak garbi mantentzeko eta segurtasuna bermatzeko.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko hondartza denboraldia ostiralean, ekainaren 1ean, abiatuko da. Guztira 273 pertsona egongo dira lanean inguruak garbi mantentzeko eta segurtasuna bermatzeko. Horretarako, Bizkaiko Aldundiaren hondartzen programak 5,7 euroko aurrekontua du.
Istripuak prebenitzeko, sorospen eta laguntza zerbitzua emango duen lantaldea 154 soroslek osatuko dute. Egunero, guztira, 88 sorosle egongo dira lanean Bizkaiko 24 sorospen-tokitan, baita 30 hondartzain ere.
Aurten, bi bandera erabiliko dira hondartzetan bandera gorria dagoenean ertzean “freskatzeko eremuak” mugatzeko. Aldundiaren arabera, erabiltzaileak uretara sartu ahal izateko jartzen dira, baina hondoa ukitzen den eremutik urrundu gabe. “Ume Galduak” eskumuturrekoen zerbitzua ere egongo da erabilgarri aurten.
Garbiketa lanei dagokienez, 89 pertsona arituko dira lanean. Hondartzak garbitzeko, kamioiak, traktoreak, ekortzeko makinak eta harea bahetzeko makinak erabiliko dituzte.
Horrez gainera, “Hondartza Denontzat” programari esker, irisgarritasun-baliabideak, laguntza teknikoak eta laguntza pertsonala eskainiko dute, mugikortasun arazoak dituzten pertsonek hondartzetan eta itsasoan bainatuz goza dezaten.