Gizartea -

ANIMALIEN KONTRAKO INDARKERIA

Barakaldoko bizilagun bat zigortu dute, lau abereri tratu txarrak emateagatik

9 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote asto bat, bi behor eta moxal bat janik gabe abandonatzeagatik, baina ez du beteko, errudun aitortu baita eta 934 euro ordainduko dizkio talde animalista bati

Hilzorian aurkitutako astoaren irudia. 2015ean Aprovak zabaldutako argazkia
Hilzorian aurkitutako astoaren irudia. 2015ean Aprovak zabaldutako argazkia
Hilzorian aurkitutako astoaren irudia. 2015ean Aprovak zabaldutako argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko epaitegi batek 9 hilabete eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri dio bizilagun bati, bere lau abereri tratu txarrak emateagatik. 2015ean oso larri aurkitu zituzten asto bat, bi behor eta moxal bat, janik gabe abandonatuta, eta behorretako bat hil egin zen erreskatatu ondoren. Aprova animalien defentsarako elkarteak salaketa jarri zion jabeari, eta aurtengo maiatzaren 19an atera da sententzia.

Akusazioak eta akusatua akordio batera iritsi dira, eta kartzela-zigorra ez betetzearen truke, jabeak onartu egin du tratu txarrak eman zizkiela bere abereei eta hitz eman du ez duela berriz horrelakorik egingo. Gainera, bi urtean ezingo du animaliekin zerikusia duen lanbide edo jarduerarik eduki, eta 934 euro ordainduko dizkio Aprova elkarteari, animalien kargu egin zen taldeari.

Epaiak frogatutzat jo du 2015eko otsailaren 18an Gurutzetako auzoan oso egoera txarrean zegoen asto bat aurkitu zutela Aprovako kideek, eta bi egun beranduago, Zubietako zonaldean, Ertzaintzako hainbat agenterekin batera, beste bi behor eta moxal bat, janik gabe eta ia azkenetan.

Jabeak egoera horretan denbora luzez izan zituela frogatutzat jo du epaiak. Izan ere, kakexia egoeran zeuden lau animaliak. Gainera, lotuta izatearen ondorioz, erabat gaiztotuta zeuden zauri sakonak zituzten mutur eta hanketan.

Behorretako bat, erreskatatu eta 7 egunera hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Barakaldo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak