Gizartea -
Azterketak
Nafarroako ikasleek selektibitate probak hasi dituzte
3.104 ikasle ari dira azterketa hauek egiten Iruñeko eta Tuterako kanpusetan.
Euskadi Irratia | Eitb.eus
Nafarroako unibertsitate publikoan astearte honetan hasi dituzte unibertsitatera sartu ahal izateko azterketak, batxilergoa amaitu berria duten 3.104 ikaslek. Probak Iruñeko eta Tuterako campusetan egiten ari dira.
Azterketara aurkeztu diren hamar pertsonetatik sei emakumeak dira. Hizkuntza ereduei dagokionez, 800 ikasle baino gehiago ari dira azterketak euskaraz egiten.
Emaitzak ekainaren 13an ezagutuko dituzte, sakelako telefonoaren bidez; iazko berrikuntza izan zen, emaitzak ezagutzeko unibertsitateak sortu zuen aplikazioa. Aurtengoa, berriz, emaitzen txartel elektronikoa da, paperean jarritako notak atzean utziz.
Erreklamazioak ere telematika bidez aurkeztu ahal izango dira, ekainaren 15era arte. Prozedura hau arinagoa, erosoagoa eta merkeagoa dela diote unibertsitatetik.
Gaur, bihar eta etziko azterketak deialdi arruntekoak dira, gainditu ez edo nota hobetu nahi dutenek beste aukera bat izango dute hilaren amaieran.
Euskal Autonomi Erkidegoan asteazken honetan hasiko dira selektibitate probekin.