Gizartea -
Lapurretak
Adinekoei 'besarkada solidarioa' emanez izandako lapurretek gora egin dute
Lapurrak informazio eske hurbiltzen dira biktimengana, eta, ondoren, besarkada bat ematen diete esker ona adierazteko, eta une hori aprobetxatzen dute lapurretan egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Adinekoei 'besarkada solidarioa' emanez izandako lapurreten gorakadaz ohartarazi du Ertzaintzak, apirilean Euskadin 50 kasu zenbatu eta iaz 340 lapurreta egin ondoren.
Uda iristearekin batera, besarkada solidarioaren bidez egindako lapurreta-kasuek Euskal Autonomia Erkidegoan nabarmen egiten dutela gora hauteman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Kasu gehienetan, metodo bera erabiltzen dute: metodo bera erabiltzen dute: biktimarengana joaten dira helbideren bat non dagoen galdetzera edo establezimendu publikoren batera joateko informazio eske.
Laguntza jasotakoan, besarkada bat ematen diete bere esker ona adierazteko eta biktimarekin kontaktu fisikoa izatea lortzen dute. Une horretan, bistan daramatzan bitxi, erloju, diru-zorroak edota baliozko objektuak lapurtzen dizkiete orduan.
Kasu batzuetan gizonezkoek sexu-proposamenak egiten dizkiete biktimei, laztan bidez haiengana hurbildu eta katea edota domina kentzeko, edo eskutik heldu eta erlojua edo eraztuna lapurtzeko
Beste batzuetan, besarkada pertsona batek ematen du, beste batzuek hura babestu eta, behar izanez gero, ihes egiten laguntzeko.
Aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, Ertzaintzak horrelako 95 lapurretaren berri izan du, eta horietatik 50 apirilean egin zituzten; 2017an, berriz, 340 lapurreta egin zituzten metodologia hori erabiliz, Ertzaintzak jasotako salaketen arabera. Bizkaian izan ziren kasurik gehienak, 243 salaketa jarri baitzituzten bertan. Gipuzkoan 66 izan omen ziren eta Araban 31.
Biktima gehienak adinekoak izaten dira, ahulagoak direlako eta, lapurreta baten biktima izaten ari direla ohartuz gero, nekezago egiten dietelako aurre. Lapurrak emakume gazteak izaten dira gehienetan, txikiak eta sendoak, eta lapurreta horietan espezializatu den talde ibiltari bateko kideak omen dira.
Gomendioak
Hori dela eta, Ertzaintzak oinarrizko aholku batzuk zabaldu ditu, ahal den neurrian horrelako lapurretak arindu ahal izateko:
- Ez erakutsi nabarmenkeriaz bitxiak kalean, ez erabili objektu baliotsurik egunero kendu gabe.
- Ahal den neurrian, ez hitz egin ezezagunekin.
- Ez fidatu kosta ahala kosta, itxuraz inolako arrazoirik gabe edo arrazoi argirik gabe kontaktu fisikoa (besarkada, muxua, laztana) lortzen saiatzen diren pertsonez.
- Saiatu kalean bakarrik ez ibiltzen, batez ere banketxera joan behar baduzu. Hobe da familiarteko batekin edo konfiantzazko norbaitekin joatea.