Gizartea -
31. jaia
Eskola Txikien jaia ospatu dute Zumaiako Oikia auzoan, haien garrantzia aldarrikatuta
'Gutxirekin asko egiteko indarra' lelopean elkartu dira eskola txikietako haur, guraso eta irakasleak. Eskola hauek inguruarekin duten 'izaera eta lotura estua' azpimarratu du Cristina Uriartek.
Euskadi Irratia | Eitb.eus
Eskola txikiek 31. festa ospatu dute larunbat honetan, Zumaian, Oikia auzoan, "Gutxirekin asko egiteko indarra" lelopean.
Goizeko 10:30ean hasita, egitarau bete-betea izan dute haur, guraso eta irakasleek, Oikia auzoko eskolan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ere bertan izan da, eta Eskola Txikiek duten garrantzia azpimarratu du. Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzu sailburuordea ere bertan izan da.
Uriartek eskola hauek inguruarekin duten "izaera eta lotura estua" azpimarratu du. "Txikiak bezain erakargarriak zarete. Eta hori hemen inon baino hobeto antzematen da: eskola hauek osatzen dituzuen familiak, ikasleak eta irakasleak lekuaren parte izateko sentimendu ikaragarria duzue. Hezkuntza komunitate egonkorrak egiten dituzue. Zuen nortasunaz harro sentitzen zarete, eta hori da zuen seme-alabei helarazten diezuena", adierazi du.
Horren harira, azaldu du "txikiak izateak indar eta dohain berezia" ematen diela, familiei haien seme-alaben hezkuntza prozesua "gertutik" bizitzeko aukera ematen dielako, eta irakasleak "irakasle baino zerbait gehiago sentiarazten dituztelako".
50 eskola txiki daude Euskadin: 26 eskola Gipuzkoan, bost Araban eta 19 Bizkaian, eta gaur guztiak bildu dira gauera arte luzatuko den egitaratu zabalaz gozatzeko.
39 haur daude Oikiako eskolan, eraikina zaharra da eta leku falta dute. Eskola berria eraikitzeko proiektua abian da, eta zerbitzu guztiak eraikin berean izatea dute helburu.