Gizartea -
Polizia-operazioa
Bost atxilotu Gipuzkoan eta Nafarroan haur-pornografia partekatzea egotzita
Gainera, beste 19 pertsona atxilotu ditu Polizia Nazionalak Espainiar Estatuko hainbat puntutan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Polizia Nazionalak 24 pertsona atxilotu ditu Estatu mailan, horietako lau Gipuzkoan eta beste bat Nafarroan, Facebook sare sozialaren eta Skypen bidez haur-pornografia partekatzea egotzita, Polizia Nazionaleko Zuzendaritza Nagusiak igande honetan jakitera eman duenez.
Nafarroan atxiloketa bakarra egin dute, eta Gipuzkoan, berriz, lau. Gainerakoak Estatuko hainbat puntutan egin dituzte, hala nola, lau lagun Madrilen, hiru Alacanten, bi Bartzelonan, beste bi Granadan, eta bakarra Coruñan, Asturiasen, Palman, Sevillan, Cadizen, Pontevedran, Valentzian eta Las Palmasen.
Facebook sare sozialen laguntzarekin, hainbat erabiltzaile mota horretako artxiboak partekatzen ari zirela ezagutu du Polizia Nazionalak. Orduan zenbait lagun identifikatu ditu, eta profil horiek zelatatzeko prozesua abian jarri. Geroago, etxe-miaketak egin ditu, eta "sexu-abusuen biktima ziren umeren milaka artxibo, bideo eta argazki" aurkitu dituzte.
Legez kanpoko immigrazio sarea
Gipuzkoako atxiloketari dagokionez, haur-pornografia partekatzeko bere auzokideen Internet kontuak hackeatzen zituen gizonezko bat atxilotu dute. Operazio horri esker, legez kanpoko immigrazioa sustatzen zuen sare bat desegin du Polizia Nazionalak, lau lagun atxilotuta.
Pasaporteak, berriro alokatutako etxeetako kontratuak, errolda-ziurtagiriak, banketxe-txartelak eta diru-laguntza publikoekin lotutako paperak atzeman zituzte atxilotuen etxebizitzetan. Polizia Nazionalak azaldu duenez, etorkin bakoitzak 240 euro ordadindu behar zituen, iruzurra eginda, erroldan sartu ahal izateko eta Gipuzkoako Foru Aldundutik diru-laguntza publikoak lortzeko.