Gizartea -

Migrazioa

EAEn migratzaileei aterpea emateko plazak beteta daude

CEAR-Euskadik ohartarazi du plaza horiek 'Aquarius' ontzia heldu orduko beteta zeudela eta, ondorioz, migratzaile gehiago hartzeko lekurik ez dagoela. Aterpetxe publiko bat sortzea eskatu du.

'Aquarius'ontziko migratzaileak. Artxiboko argazkia: EFE
'Aquarius'ontziko migratzaileak. Artxiboko argazkia: EFE
'Aquarius'ontziko migratzaileak. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CEAR-Euskadi errefuxiatuei laguntza emateko batzordeak ohartarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan migratzaileak hartzeko 463 plaza daude eta denak beteta edo emanda daude jada. Hori dela eta, migratzaileak hartzeko sistema handitzea premiazkoa dela esan du, ez soilik Aquarius ontziko etorkinei laguntzeko, “baita kolapsatuta dagoen sistema horri konponbidea emateko ere”.

Ildo horretan, ezinbestekotzat jo du EAEra heltzen diren migratzaileei lehendabiziko laguntza eman ahal izateko aterpetxe publiko bat sortzea.

Javier Calparsoro eta Patricia Barcena CEAR-Euskadiko presidenteak eta zuzendariak agerraldia egin dute Bilbon, 'Pertsona errefuxiatuak Espainian eta Europan' izeneko txostenaren inguruko xehetasunak emateko.

Krisi humanitarioa izugarria dela azpimarratu dute. Iaz, 70 milioi lagunek egin behar izan zuten ihes eta milaka pertsona hil dira ihesaldian. Ibilbide arriskutsuena Mediterraneokoa dela esan dute, heriotza gehienak han izan baitira.

Aquarius ontzia asteburu honetan Valentziara iritsi izanak “borondatea badago errefuxiatuak hartzea posible dela erakutsi du”, erantsi dute. Tamalez, asteburu berean beste 1.290 migratzaile heldu dira Andaluziako kostaldera, “baina ez dituzte modu berean hartu eta, ziurrenik, tratamendu juridiko ezberdina izango dute”. “Ezin dugu onartu lehen eta bigarren mailako errefuxiatuak egotea”, ohartarazi du Galparsorok.

Iaz, munduko herrialde ezberdinetan asiloa eskatu zuten iheslarien kopurua nabarmen hazi zela azaldu dute. Estatu espainiarrean, 31.120 migratzailek egin zuten asilo-eskaera, eta kopurua bikoiztu egin da EAEn, 2016ko datuekin alderatuta. Iaz 970 etorkinek eskatu zuten asiloa: 592k Bizkaian, 258k Araban eta 121ek Gipuzkoan.

CEAR-Euskadiren arabera, errefuxiatuek asilo-eskubideari buruz duten ezagutzak gora egin duelako eta erakunde publiko eta pribatuek eskaintzen dituzten baliabideetan aurrerapenak izan direlako hazi da aipatu kopurua.

Halaber, migratzaileak hartzeko kopurua ere hazi da: 2016an 200 plaza zeuden eta 463 dira gaur egun. Nolanahi ere, “hau ez da nahikoa”.

“Ez da egia errefuxiatuak ez direla heltzen Europar Batasunak migratzaileak herrialde ezberdinetan banatzeko duen planak porrot egin duelako. Itun hori 2015ean sinatu zenetik, adibidez, 167 izan dira EAEk hartu dituen etorkinak. Alabaina, asko dira beren kabuz heltzen diren migratzaileak, Aquarius ontziaren oihartzuna izan gabe”, azaldu du Galparsorok.

Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak migratzaileak hartzeko baliabide nahikoak dituen “uste okerra” zabaldu da, horren hitzetan. “Baina Euskadik dituen 463 plazak beteta daude eta gure elkarteak 100 pertsona baino gehiagoko itxaron-zerrenda dauka”, zehaztu dute.

CEAR-Euskadik premiazkotzat jo du “kolapsatuta” dagoen sistema hori “zabaltzea”, “bai lehen arretarako plazen kasuan bai behin betiko plazen kasuan”.

EAEri dagokionez, migratzaileei lehendabiziko laguntza eskaintzeko aterpetxe publiko bat eraikitzea eskatu du, besteak beste, asiloa eskuratu ez dutenei laguntzeko. Aterpetxe horrek gutxienez 60-100 plaza izan beharko lituzkeela erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea