Gizartea -

Espezieen trafikoa

115 marfil-lanketa atzeman dituzte Gipuzkoako etxebizitza batean

Guardia Zibilak operazio zabala egin du Estatuan, eta hegazti exotikoak, primateak eta narrasti ugari atzitu ditu. 104 pertsona jarri dituzte ikerketapean.

Operazioan atzemandako lehoi bat. Argazkia: Guardia Civil, EFEren bidez jasoa
Operazioan atzemandako lehoi bat. Argazkia: Guardia Civil, EFEren bidez jasoa
Operazioan atzemandako lehoi bat. Argazkia: Guardia Civil, EFEren bidez jasoa

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak marfil-lanketaz betetako etxe bat atzeman du Gipuzkoan, 'Thunderstorm' izena jarri dioten operazioaren baitan. Espainiako Estatuan eta munduko 80 herrialdeetan egin dute flora eta fauna espezieen trafikoaren kontrako operazioa hori.

Guardia Zibilak ohar batean azaldu duenez, mundu mailako operazioa Interpolek gidatu du. Espainiako Estatuan 4.000 espezimen eta 83 delitu atzeman dituzte. 104 pertsona atxilotu eta ikerketapean jarri dituzte.

Gipuzkoako etxebizitza horretan elefante afrikarren, asiarren eta mortsen hortzekin egindako 115 marfil-lanketa harrapatu dituzte. Antza, Internet bidez saltzen zituen jabeak.

Aipatutako horrez gain, 4.000 espezimen atzitu dituzte. Denetarik dago harrapatutakoen artean: lau primate (titi tximinoak, Berberiako makakoak eta talapoinak) 66 hegazti exotiko espezie (tukanak, kakarikiak, loroak eta faisaiak) eta 67 narrasti (itsas eta lurreko dortokak, krokodiloak, kameleoiak eta sugeak). Adibidez, Galiziako hazle batek pitoi bat zuen inolako baimenik gabe.

Itsas espezieak ere atzeman dituzte, hala nola, marrazoak, arraiak, aingira-kumeak eta 1.280 kilo gaizkata-kabiar.

Halaber, ehiza trofeo ugari harrapatu ditu Guardia Zibilak: bi lehoi eta lehoinabar bat, elefante hankak, larruak...

Almerian, bestalde, 3.852 kaktus atzeman dituzte, gehienak babestutakoak.

Ikerlariek ohartarazi dutenez, CITES hitzarmenak babestutako primateak legez kanpo merkaturatzeak espezieak babestea zailtzeaz gain, gaixotasunak zabaltzen lagun dezake (besteak beste, HIESA eta leuzemia mota batzuk).

Operazio horretan atxilo hartu eta ikerketapean jarritako pertsonei sei hilabetetik bost urtera doazen espetxe zigorrak eta espeziearen balioaren % 350rainoko isunak ezar diezaiekete.

Espezieen trafikoa, diru gehien ematen dutenen artean laugarrena

Interpolek azaldu duenez, ingurumenaren kontrako delitua nazioartean gehien igo den delituetako bat, batez ere ematen dituen etekin ekonomikoengatik.

Interpolen eta Nazio Batuen txosten baten arabera, espezieen trafikoarena diru gehien ematen duten delituen artean laugarrena da, droga trafikoa, produktuen faltsutzea eta gizabanakoen salerosketaren ondotik.  Urtero 91.000 eta 258.000 milioi dolar arteko irabaziak dituzte gaizkile-taldeek.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena