Gizartea -
Polizia operazioa
Hiru lagun atxilotu dituzte Bilbon adingabe marokoarrekin trafikatzea egotzita
Guztira 28 dira atxilotuak Espainiako Estatu osoan. Ikertzaileen arabera, ehundik gora dira adingabe biktimak, eta batzuk esklabo gisa erabili dituzte.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak 28 lagun atxilotu ditu, horietako hiru Bilbon, adingabe marokoarrekin trafikatzen zuen sare bat desegiteko polizia-operazioaren baitan, Europolekin elkarlanean, Espainiako Estatuko hainbat probintziatan.
Ikertzaileek uste dute ehundik gora direla adingabe biktimak, Espainiako Poliziaren Zuzendaritzak jakinarazi duenez,
Hasieran 22 pertsona atxilotu zituzten Madrilen (1), Oviedon (5), Gijonen (2) Castellon (4), Algecirasen (1), Zamoran (3), Bartzelonan (3), Lleidan (1), Bilbon (1) eta Murtzian (1); baina bigarren fase batean, beste sei atxiloketa izan ziren (3, Jerez de la Fronteran; 2, Bilbon; eta 1, Bartzelonan).
Adingabeek legez kanpo gurutzatzen zuten Espainiako muga, baina dirua ordainduta: 2.000 euro, pateran joanez gero; 5.000 euro, uretako motorrean; eta 2.500, autoan edo kamioian. Gainera, prezioa 8.000 eurora irits zitekeen eguraldiak bidaia zailduz gero.
Operazioaren lehenengo fasean erakundearen zati bat desegin zuten, eta atxilotuak Asturiaseko adingabeen zentro bateko langile marokoarrak ziren.
Bigarren fasean, zentro horri lotutako beste talde bat desegin zuten. Espainiako kostara iristen ziren adingabeak bahitzeaz arduratzen ziren horiek, eta Cadizeko basoetan edo etxebizitzetan atxikitzen zituzten senideek beste 500 bat euro ordaindu arte.
Miaketetako batean ia esklabo lanak egiten zituen haur bat aurkitu zuten.