Gizartea -
Trafikoa
A-15 autobidea gauez itxiko dute asteburu honetan, Andoain eta Berastegi artean
Ostiral eta larunbat gauetan eta igande goizean itxiko dute Leitzaraneko Autobidea, San Lorentzo-Larre tunelaren obrak egoki prestatzeko. Astelehenean hasiko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
A-15 autobidea itxita egongo da asteburu honetan, gauez, San Lorentzo-Larre tunelaren obrak prestatzeko lanengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Obrak astelehenean, uztailaren 2an, hasiko dira.
Bi noranzkoetan itxiko dute trafikoa, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, gauean. Andoainerako bidean, Berastegiko lotunetik itxiko dute errepidea, eta Iruñeko noranzkoan, Sorabillako lotunetik, Andoainen.
Itxiera orduan honakoak izango dira: ekainaren 29ko 22:00etatik ekainaren 30eko 06:00etara —ostiral gauean— eta ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 14:00etara —larunbat gauean eta igande goizean—.
Euste-horma bat eraikiko dute, eta tunelaren osagarri guztien kontrol sistemak berrikusiko dituzte.
Andoainerako bidean doazenek Berastegiko lotunean egin beharko dute aldaketa, eta Tolosaraino GI-2130 errepidetik eta Sorabillaraino A-1etik joan.
Iruñeko noranzkoan, gidariek Sorabillako lotunean egingo dute aldaketa, A-1 errepidea hartzeko Tolosaraino eta, gero, Gi-2130 errepidea Berastegiko lotuneraino.
Ibilbide luzeko bidaietan, hala ere, Altsasuraino A-1 autobidea erabiltzea gomendatzen da, Sakanako Autobidea (A-10) hartzeko gero Irurtzuneraino, A-15 autobidea hartzen den tokiraino.