Gizartea -
GIB
Hiesaren aurrean prebentzioa ez jaistea eskatu du Darponek, kasuek behera egin arren
Oraindik arazo garrantzitsua da osasun publikoan, hiru egunean behin kasu berri bat atzematen baitute. Iaz 133 kasu berri diagnostikatu zituzten Euskadin.
Agentziak | Erredakioa
Jon Darpon Osasun sailburuak GIB Gisa Inmuno-eskasiaren Birusaren aurrean prebentzio neurriak ez lasaitzea eskatu die ostiral honetan herritarrei, Euskadin urtetik urtera kasuen kopurua pixkanaka behera egiten ari diren arren, oraindik arazo larria delako osasun publikoan, hiru egunean behin kasu berri bat atzematen baitute.
Darponek Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren urteko txostenaren datuak emateko prentsaurrekoan egin du ohartarazpen hori, Bilbon. Izan ere, sifilisak eta gonokoziak % 26,7 eta % 17,3 egin zuten gora iaz, hurrenez hurren. 128 sifilis kasu atzeman zituzten 2017an, eta 101, 2016an; eta 210 gonokozia kasu atzeman zituzten 2017an, eta 179, 2016an.
Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren urteko txostenaren datuen arabera, 133 GIB diagnostiko berri jakinarazi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2017an, eta 158 izan ziren 2016an. Horrela, 100.000 biztanleko 6,13 kasu berriko tasa da, eta 7,3ko tasa izan zen aurreko urtean. Infekzio berrien % 75,9 gizonei dagozkie, eta diagnostikatutako pertsonen batezbesteko adina 36,8 urtekoa da (39,1 urtekoa izan zen aurreko urtean).
Horren aurrean, Osakidetzak 32,6 milioi euro bideratu zituen iaz antirretrobiralen bidez GIB birusak infektatutako 5.662 pertsonari tratamendua emateko.
Osasun sailburuak adierazi du gizarteak alarmismoa baztertu baina erne jarraitu behar duela aurten ere, "GIB birusa eta sexu transmisiozko infekzioak ez baitira iraganeko gauza". "GIB birusa mundu mailako arazoa da, eta, datu globalak hobetzen ari badira ere, kopuruak ikaragarriak dira oraindik ere", ohartarazi du.
Horrela, esan duen bezala, Euskadiri "ez zaio arrotz errealitate hori". Hala, Hies eta STI Planaren txosteneko datuen arabera, 133 GIB diagnostiko berri egin zituzten 2017an (158, 2016an), eta, beraz, 6,13 kasu berriren tasa da 100.000 biztanleko (7,3koa izan zen aurreko urtean). Infekzio berrien % 75,9 gizonei dagokie, eta diagnostikatutako pertsonen batezbesteko adina 36,8 urtekoa da (39,1ekoa izan zen 2016an).
Kasu berriak lehenbailehen detektatzea
GIB bidezko infekzioa sexu transmisiozko gaitz bat da gehienetan. Gizonek gizonekin sexua izanik transmititzen da gehien, horrela kutsatu baitira diagnostikatu dituzten gaixo berrien % 55,6 (% 44,3, 2016an). Bide heterosexualetik, berriz, % 38,3 kutsatu ziren iaz (% 42,4, 2016an).
Osasun sailburuak nabarmendu duenez, infekzio berrien % 45,9k diagnostiko berantiarra izan zuten, immunitate sistema oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren.
Alde horretatik, sailburuak esan du Osasun Sailak bi puntutan egingo dituela ahaleginak: infekzio berriak eragoztea eta kasu berriak lehenbailehen detektatzea, GIB birusa duten pertsonen osasun pronostikoa hobetzeko eta GIB birusa dutela ez dakitenek oharkabean hura ez transmititzeko.