Gizartea -
Trafikoa
Atzerritik datozen 1,8 milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dute Euskadi udan
Udako oporretako irteera eta itzulera operazioetarako prestatutako antolakuntza berezia aurkeztu du gaur Bilbon Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzaren arabera, atzerriko 1.830.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi udako hilabeteetan, 2017ko udan baino % 2,25 gehiagok.
Udako oporretako irteera eta itzulera operazioetarako prestatutako antolakuntza berezia aurkeztu du gaur Bilbon Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak. Ostiral honetan, 15:00etan, abiatu da lehen irteera operazioa.
Frantziatik Portugal eta Afrika aldera doazen ibilgailuek sortzen dituzte arazo gehien. Ekaina eta iraila artean, 1.830.000 ibilgailu pasako dira Euskaditik, % 60 uztailean eta abuztuan (1.145.000).
Bost toki kritikoenetatik lau bide horretan daude: Behobiako pasabidea eta AP-1 errepidearen lotura AP-8arekin Gipuzkoan eta N-622arekin, eta Armiñoneko ordainlekua. Arazo gehien sortzen dituen bosgarren lekua A-8an dago, Kantabriarako noranzkoan.
Seinaleztapen berezia
Nazioarteko trafikoa errazteko, seinaleztapen berezia ipiniko dute Errenterian, Hernanin eta Eibarren.
Bestalde, orain dela gutxi A-63 autobidean irekitako hirugarren erreiak trafikoa arinduko du Biriatoun eta Biarritzen.
Araban, seinaleztapen berezia eta konoak jarriko dituzte.
Istripuak
Istripuei dagokienez, joan den udan 1.251 ezbehar gertatu ziren Euskadiko errepideetan uztailean eta abuztuan. 70 pertsona larri zauritu ziren, eta bost hil egin ziren, 2016ko udan baino baino bi gehiago.
Uda honetan ere "Gidatu, besterik ez" kanpainarekin jarraituko du. Gehiegizko abiadura saihesteko mezuak ez ezik, droga zein alkohol kontsumoa eta gidatzerakoan gerta daitezkeen distrazioak ekiditeko testuak helaraziko dituzte.