Gizartea -
OMENALDIA
Txirrindulari martxa Tolosan, Leonen hildako Villabonako bikotea omentzeko
500 bat txirrindularik hartu dute parte omenaldian, eta errepideetan txirrindulariek duten segurtasunik eza salatzeko ere baliatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txirrindulari martxa berezia egin dute gaur Tolosan, mozkortuta zihoan gidari batek Leonen harrapatuta hildako Villabonako bikotearen omenez. Gipuzkoako txirrindulari klub guztiek eta Bizkaiko zein Arabako hainbatek hartu dute parte omenaldian.
Hasiera batean gidariak ihes egin bazuen ere, atxilotu eta kartzelatu egin dute.
Oriako Txirrindulari Eskolak antolatu du ekimena, Orats, hildako bikotearen 12 urteko semearen txirrindularitza eskolak, alegia. Istripua gertatu zenean gurasoekin zihoan adin txikikoa ere, baina onik irten zen.
Omenaldia ez ezik, protesta ere izan da gaurkoa, eta errepideetan txirrindulariek duten segurtasunik eza salatu dute.
500 bat pertsonak hartu dute parte 16:00etan Amaroz auzotik irten den martxan, eta horien artean izan dira, besteak beste, Beñat Txoperena, Aitor Gonzalez eta Gorka Izagirre txirrindulariak. Ondoren, aurrez iragarrita zegoen kadeteen lasterketa bat izan da Tolosan.
Astelehenean izango da bikotearen hileta-elizkizuna Villabonan.