Gizartea -

Bizkaia

Etxegabe bat hil da Basaurin

'Manuel', Basauriko kaleetan bizi zen 58 urteko bilbotarra, igandean topatu zuten hilda, Bestebi plataformak salatu duenez.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Manuel', Basauriko kaleetan bizi zen etxerik gabeko 58 urteko bilbotarra, igandean hilda topatu zutela salatu du Bestebi etxerik gabekoen alde lan egiten duen plataformak.

Plataformak ohar batean adierazi duenez, gizona igandean topatu zuten hilda San Pedro elizako arkupeetan.

Bestebi plataformaren hitzetan, Manuel duela bi urte bizi zen Basaurin, eta denbora horretan "sare informal bat osatzea lortu zuen, herriarekin sustraiak eginez".

Halere, gizonak "ezin izan zuen parrokiatik eta beste erakunde batzuetatik eskaini zitzaizkion laguntzak baliatu eta beste bizi proiektu bati ekin".

Hori horrela, plataformak euskal erakundeei eskatu die "gizarte zerbitzuak garatzea eta estrategia orokor bat martxan jartzea Euskadin etxerik gabeko pertsonarik ez egoteko".

Horrez gain, ostegun honetan omenaldia egin diote gizonari, San Pedro plazan.

Basauriko Udaleko bozeramaile batek EFE albiste-agentziari azaldu dionez, "berez" hil zen gizona. Horren hitzetan, Udaltzaingoak dauden laguntza guztien berri ematen die herrian dauden etxegabe guztiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Bizkaia Gizarte zerbitzuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak