Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Donostian, emakume bati sexu-abusuak egitea egotzita
Ukituak asteazkenean salatu zituen emakumeak, Ertzaintzak baieztatu duenez. Udalak gertakariak gaitzetsi ditu adierazpen instituzional batean.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon bat atxilotu eta libre karguekin utzi dute Donostian, emakume bati sexu-abusuak egitea leporatuta, Donostiako Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Emakumeak salaketa asteazkenean aurkeztu zuen Donostiako polizia-etxe batean, Ertzaintzak baieztatu duenez. Gertakariak aurreko gauean jazo ziren hirian. Gizona asteazken arratsaldean atxilotu zuten, Gipuzkoako hiriburuan.
Donostiako Udalak jakitera eman duenez, emakumeak ukituak salatu zituen. Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu eta epailearen esku jarri zuen. Epaileak libre karguekin utzi du.
Adierazpen instituzionala
Udaleko talde politiko guztiek adierazpen instituzionala sinatu dute, “indarkeria matxistaren gertaera berria” gaitzesteko. Bestalde, babes juridiko, sozial eta psikologikorako zerbitzuak biktimaren esanetara jarri ditu Udalak.
Erasoen aurka agertu dira, “indarkeria matxistaren adierazpen mespretxagarrienak direlako, eta gizartean oraindik zabaldurik dagoen berdintasun ezaren adierazgarri”.
“Balioen hezkuntzan lanean jarraitzeko” eskatu dute Udaleko talde politikoek. Zentzu horretan, “jarrera horietara bultzatzen duten faktoreetan egunero” saiatzea aldarrikatu dute. Aldi berean, deitu daitezkeen protesta edo elkarretaratzeekin bat egingo dutela iragarri dute.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.