Gizartea -
Bizkaia
Motor gidari bat hil da Trapagaranen, kamioi baten aurka talka eginda
Biktima, Trapagako 46 urteko ertzain bat, istripua izan den lekuan bertan hil da. Ertzaintza lekukoen bila dabil gertatutakoa argitzeko.
eitb.eus
46 urteko motor gidari bat hil da gaur goizaldean Trapagaranen (Bizkaia), BI-745 errepidean, kamioi baten aurka talka eginda.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ezbeharra 02:20an gertatu da. Motor batek eta kamioi batek talka egin dute, eta motor gidaria larri zauritu da, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak direla eta.
Osasun zerbitzuko langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin motor gidariaren bizitza salbatzeko, eta haren heriotza baieztatu dute.
Biktima 46 urteko trapagarandar bat da, ertzaina, eta Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute, autopsia egitera.
Kamioilaria, errumaniarra, ospitalera eraman dute, alkohol edota drogaren eraginpean gidatzen ari ote zen zehazteko.
Istripuaren ondorioz, errepidea itxita egon da 06:15 arte.
Ertzaintza lekukoen bila dabil, eta Bizkaiko Trafiko Unitatearen telefonoa eman du, gertatutakoa argitzen lagundu ahal duenak bertara dei dezan: 946079034/35.