Gizartea -
Indarkeria matxista
6 urteko espetxe-zigorra ezarri diote, Gasteizen neska bati sexu-erasoa egiteagatik
Era berean, 7 urteko zaintzapeko askatasuna ezarri dio Arabako Lurralde Auzitegiak zigortuari, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.
Agentziak | Erredakzioa
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati iaz Gasteizen emakume gazte bati sexu-erasoa egiteagatik. Etxera bueltatzeko laguntza eskaini zion erasotzaileak biktimari, lagunekin parrandan atera ondoren goizaldean bakarrik geratu baitzen.
Iturri juridikoek baieztatu dutenez, 7 urteko zaintzapeko askatasuna ezarri dio Arabako Probintzia Auzitegiak zigortuari, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari. Defentsak apelazio helegitea aurkeztuko du.
Epaiketa ekainean egin zuten. Fiskaltzak 8 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen, sexu-eraso delitu bat egotzita.
Ahozko epaiketan, akusatuak eta biktimak bertsio kontraesankorrak eman zituzten. Gertakariak 2017ko uztailaren 22an jazo ziren.
Bertsio kontraesankorrak
Emakume gazteak azaldu zuenez, Arabako hiriburutik parrandan ibili zen gau hartan. Goizaldean, bakarrik geratu zen, lagunak lo egitera joan zirelako. Ezagutzen ez zuen hiri batean galdurik aurkitu zenean, negarrez hasi zen.
Akusatua hurbildu zitzaion orduan, eta autobus-geltokiraino autoz eramateko eskaintza egin zion, handik etxera itzuli ahal izateko. Gazteak onartu egin zuen, eta bidean gizona “intsinuatu” egin zitzaion, baina berarekin ezer ez zuela nahi erantzun zion; gizonak “errespetatu” eta “onartu” egin zuen haren erantzuna.
Geltokira heldu zirenean, ordea, telefonoa falta zitzaiola ohartu zen emakumea, eta aurreneko tokira bueltatzeko autoa berriz eskaini zion akusatuak gazteari, bertan mugikorra bilatzeko. Gizonak, orduan, jarrera aldatu, eta parke batera eraman zuen, nahiz eta berak ibilgailua gelditzeko eta ateratzen uzteko eskatu zion.
Gizonak autoaren atzealdean sartu eta bortxatu egin zuen, emakume gazteak epaiketan salatu zuenez.
Zigortua behin-behineko espetxealdian dago 2017ko uztailaren 24tik. Etxera itzultzeko laguntza eskaini ziola azaldu zuen akusatuak epaiketan, eta sakelako telefonoa bilatzeko ere bai, baina emakumea intsinuatu egin zitzaiola argudiatu zuen gizonak. Gainera, sexu-harremanak baimenduak izan zirela azpimarratu zuen.