Gizartea -

Europar Batasuna

Gorenak Espainia zigortu du, errefuxiatuak birkokatzeko akordioa ez betetzeagatik

EBren erabakiak ez betetzeagatik Europako herrialde bateko auzitegi batek Estatu bat zigortzen duen aurreneko aldia da, erabaki horiek “lotesleak eta betebeharrekoak” direla argudiatuta.

Errefuxiatuak. Artxiboko irudia: Agentziak
Errefuxiatuak. Artxiboko irudia: Agentziak
Errefuxiatuak. Artxiboko irudia: Agentziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Espainia zigortu du, Greziatik eta Italiatik datozen errefuxiatuen asilo eskaerak aurrera eramateko konpromisoa ez betetzeagatik; izan ere, eskakizunen % 12,85 bakarrik bideratu ditu. 19.449 pertsonaren eskaerak tramitatzeko ardura eman zion Europar Batasunak (EB) Espainiari, 2015eko krisiaren ostean.

EBren erabakiak ez betetzeagatik Europako herrialde bateko auzitegi batek Estatu bat zigortzen duen aurreneko aldia da, erabaki horiek “lotesleak eta betebeharrekoak” direla argudiatuta. Asilo-eskatzaileak hartzeko behin-behineko neurriak ezarri zituen Europar Batasunak.

Associacio de Suport a Stop Mare Mortum elkartearen helegitea partzialki onartu du Administrazioarekiko Auzien Salak. Espainiak EBk ezarritako kupoa bete ez duela aitortzeko eskatu zuen elkarteak errekurtsoan.

2015eko errefuxiatuen krisia gertatu ondoren, Europako Kontseiluak erabakiak hartu zituen: bi urterako 19.449 pertsonako kupoa ezarri zion Espainiari, 2015eko irailaren 25etik 2017ko irailaren 26ra arte. Espainiak % 12,85 soilik eskaini zituen.

Espainiak aldizkako eginbeharrak (birkokatzeko tokia eskaini, bidalitako zerrendak onartu eta errefuxiatuak hartu) eta azken helburuak bete ez dituela arrazoituta, helegitea aurkeztu zuen elkarteak, Gobernuari betebeharrak berehala eta premiaz betetzea eskatuz.

Estatuko abokatua aurka agertu zen, eta Espainia asilo-eskatzaileak birkokatzeko lanean ari zela azaldu zuen, baina prozedura nekeza zela erantsi zuen.

Mariano Rajoyren aurreko Gobernuak erabakiak bete ez zituela ebatzi du orain Auzitegi Gorenak. “Espainiako Estatuak tramitazioarekin aurrera jarraitu beharko du erabakietan jasotako baldintzetan eta EBko erakundeek etorkizunean adosten dituzten akordioen arabera”, zehaztu du Auzitegiak.

Asilo eta Babesaren Bulegoak egindako txosten batek onartu duenez, 2018ko martxoaren 4an, 19.449 toki horietatik Espainiak 2.500 bakarrik eskaini zituen (Greziako 1.875 eta Italiako 625), hau da, % 12,85 soilik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Migrazioa Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak