Politika -
ERREFUXIATUAK
Kongresuak Dastis eta Zoido gaitzetsi ditu, errefuxiatuen kuotagatik
Espainiako Atzerri eta Barne Ministerioen kontrako gaitzespenak aldeko 170 boto, kontrako 135 boto eta 35 abstentzio jaso ditu. Halere, ez da loteslea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Diputatuen Kongresuak Alfonso Dastis Espainiako Atzerri ministroa eta Juan Ignacio Zoido Barne ministroa gaitzetsi ditu, eta biak kargutik kentzeko eskatu dio Rajoyren Gobernuari, errefuxiatuak hartzeko Europar Batasunarekin hitzemandako kuota ez betetzeagatik.
Ekimenak aldeko 170 boto, kontrako 135 boto eta 35 abstentzio jaso ditu. Dena den, gaitzespena ez da loteslea Espainiako Gobernuarentzat. Diputatuen Kongresuak Rajoyren Gobernuko bi ministro gaitzetsi ditu aurretik: Rafael Catala Justizia ministroa eta Cristobal Montoro Ogasun ministroa.
Ruben Moreno PPko diputatuak aurreratu duenez, Europar Batasunak 17.377tik 11.272ra jaitsi du Espainiak hartu beharreko errefuxiatuen kopurua, eta "laster 1.441 baino gehiago iritsiko dira" Espainiara.
Morenoren esanetan, Europako Batzordeak Grezian eta Italian dauden errefuxiatuak Europar Batasuneko beste herrialdeetan birkokatzea erabaki ondoren, EBko herrialdeek hartu beharreko pertsona kopurua murriztu du bere azken txostenean, 160.000tik 98.255era. Hasiera batean, horietako 15.888 hartu behar zituen Espainiak; aldaketa hori egin ondoren, baina, 9.823 hartu beharko ditu.
PPko diputatu horren arabera, dagoeneko 1.999 iritsi dira Estatura, eta 1.221 "iristear daude". Bestalde, Espainiak 1.449 hartu behar zituen birkokatzeen bidez, eta guztira 11.272 hartuko ditu horrela. 704 bakarrik heldu dira Espainiara, baina, diputatuaren hitzetan, "guztiak helduko dira; 220, bihar bertan".