Gizartea -

Hezkuntza Batzordea

Celaak LOMCE aldatuko du, erlijioari eta itunpeko ikastetxeei garrantzia kentzeko

Neurriak adosteko eskatu die Hezkuntza ministroak talde politikoei, baina Espainiako Gobernuak legearen alderik “aztoragarrienak” aldatuko dituela azpimarratu du.

LOMCE legeko hainbat artikulu indargabetu nahi ditu Espainiako gobernuak

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoan (LOMCE) egingo dituen aldaketen berri eman du gaur Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak, Diputatuen Kongresuan. Aldaketok Erlijio irakasgaiari eta itunpeko zentroei eragingo diete gehienbat.

Hezkuntza Batzordean aurreneko agerraldia egin du ministroak. Neurriak adosteko eskatu die Celaak talde politikoei, baina Espainiako Gobernuak legearen alderik “aztoragarrienak” aldatuko dituela azpimarratu du, sektoreko langileak, ikasleak zein gurasoak horien aurka agertu direlako.

LOMCE ordezkatzeko lege organiko batean lanean hasi bitartean, aukeren berdintasuna urratzen ez duen eredu bat defendatu du ministroak. “Beste barik indargabetzea ez da posible, legedi gabe geratuko ginateke, eta ez litzateke zentzuzkoa”, adierazi du.

Horrela, sexuaren arabera bereizten duten, hau da, neskatoak eta mutikoak banantzen dituzten itunpeko ikastetxeekin “elkarrizketa bat” bultzatuko du ministroak, Auzitegi Konstituzionalak babestu dituelako. “Oso gutxi” dira, baina “hezkuntza inklusiboaren printzipio orokorrak” urratzen dituzte, nabarmendu duenez.

 

Celaa: "Beste barik indargabetzea ez da posible, legedi gabe geratuko ginateke, eta ez litzateke zentzuzkoa"

 

Itunpeko eskolak sare publikoaren “osagarri” izan behar direla onartu du Celaak. “Itunpeko hezkuntza egon liteke ala ez, baina publikoa derrigorrez egon behar da, bestela Estatuak ez du bere eginbeharra betetzen”, gogorarazi du.

LOMCEren 109. artikulua aldatuko duela esan du ministroak. Itunpeko lekuen programazioa “eskari sozialaren bidez” egin behar dela aurreikusten du artikuluak, baina itunpeko hezkuntza publikoaren aurretik jartzen duen “eufemismo” bat dela uste du Celaak. Era berean, itunpeko zentroei lurzoru publikoa emateko egin diren “gehiegikeriak” kritikatu ditu buruzagiak; “ezin dira berriz errepikatu”.

Erlijioari dagokionez, derrigorrezko irakasgaia izaten jarraituko du zentroentzako, baina borondatezkoa ikasleentzako, eta ez du ondorio akademikorik izango, ezta irakasgai alternatiborik ere. Gizalege eta Balio Etikoen derrigorrezko irakasgai bat sortuko da, giza eskubide eta bertute demokratikoetan oinarriturik.

Errebalidak edo amaierako azterketak kenduko dituzte. Aurreko ministroak geldiarazi zituen dagoeneko. Azterketa diagnostikoak itzuliko dira, konkretuki, Lehen Hezkuntzako laugarren eta Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan, zentroak hobetzeko egitasmoei laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Albisteak Hezkuntza Erlijioa albisteak gaur