Gizartea -

Eguraldia

Ostiral eta larunbat arratsaldeetarako abisu horia, prezipitazio handiagatik

Ordubeteko epean metro koadroko 15 litro pila daitezke, Euskalmeten iragarpenaren arabera.

Hodeiak pilatuko dira arratsaldean, eta gogotik egingo du euria. Argazkia: Lorentxo Portularrume
Zarauzko hondartza. Argazkia: Lorentxo Portularrume
Hodeiak pilatuko dira arratsaldean, eta gogotik egingo du euria. Argazkia: Lorentxo Portularrume

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak prezipitazio handiagatik abisu horia ezarri du ostiral eta larunbateko arratsaldeetarako. Izan ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ordubeteko epean metro koadroko 15 litro pila daitezke.

Ostiral honetan 15:00etatik 22:00etara izango da indarrean abisua. Iragarpenaren arabera, lehen orduetako ekaitzak igarota, goiz lasaia izango dugu. Hala ere, lasaitasunak ez du luze iraungo: arratsaldean hodeiak garatu egingo dira berriro, eta zaparrada trumoitsuak botako ditu han-hemenka. Zaparrada horiek zenbait lekutan handiak izan daitezke, eta txingorra ere egin dezake. Haizeak hego ukitua izango du goizean, eta termometroei igotzen lagunduko die, beroa izango dugu lurralde osoan.

Larunbatean ere eguraldi aldakorra espero da. Egunaren hasieran hodei hondar batzuk agertuko dira oraindik zeruan, baina goiza aurrera joan ahala, garbituz joango da eta eguerdi aldera eguzkitsu egotea espero da. Arratsaldean, ordea, hodeiak ugarituz joango dira berriro eta zaparrada trumoitsu batzuk botako ditu ziurrenik, batez ere barnealdean. Hala, 17:00etatik hasita eta gauerdira arte egongo da indarrean abisu horia. Tenperatura maximoetan ez da aldaketarik espero, eta 30 ºC ingurukoak izango dira ia lurralde osoan.

Igandean ekaitz arriskuarekin jarraituko dugu. Zerua tarteka hodeitsu egongo da, eta egunaren erdiko orduak lasaiagoak izango dira. Baina, egunaren hasieran eta batez ere arratsaldetik aurrera, hodeiak aktiboagoak izango dira, eta zaparrada trumoitsuak botako ditu, zenbait lekutan handiak eta txingorrarekin batera, barnealdean batez ere. Goizean norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da eta arratsaldean iparraldetik finkatuko da. Tenperaturan, aldaketarik ez, beroa egingo du eta kostaldean giro sargoria nagusituko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak