Gizartea -
Broward konderria
Pablo Ibarren aurkako epaiketa berria abuztuaren 15ean hasiko da
Epaiketa abuztuaren 22an hastekoa zen, baina Dennis Bailey auziko epaile berriak astebete aurreratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Ibarren epaiketa berria abuztuaren 15ean hasiko da Broward konderriko auzitegian, euskal jatorriko akusatuaren defentsak gaur jakitera eman duenez. Floridan (AEBko hego-ekialdea), 1994an, hiru pertsona hil izana leporatzen diote.
Epaiketa abuztuaren 22an hastekoa zen, baina Dennis Bailey auziko epaile berriak astebete aurreratu du.
Ibarren abokatuak Bailey baztertzea eskatu zuen maiatzean, Chuck Morton fiskalaren laguntzailea izan zelako 2000ko epaiketan. Orduan heriotza-zigorra ezarri zioten Ibarri, 1998an epaiketa baliorik gabe utzi ondoren.
Floridako apelazio-auzitegiak, ordea, eskakizuna atzera bota zuen, Bailey eta Mortonen arteko harreman profesionala aspaldikoa dela argudiatuta.
Morton Ibarren aurkako auzia berriro zuzentzeko deitu dute. 2016ko otsailaren 4an heriotza-zigorra bertan behera utzi zuen Floridako Auzitegi Gorenak.
Epaia baliogabe uztea eta epaiketa berri bat egitea eskatu zion Pablo Ibarren defentsak Floridako Gorenari 2014an, “errugabetze froga” sorta ikusirik.
Epaiketa berrian heriotza-zigorra berriz eskatzeko asmoa agertu du Fiskaltzak dagoeneko. Ibarrek ia 24 urte preso eman ditu, horietako 16 heriotzaren korridorean, Casimir Sucharsky taberna bateko jabea eta Sharon Anderson eta Marie Rogers modeloak hiltzea egotzita.
Epaiketa azaro edo abendura arte luzatu daitekeela uste du Ibarren Heriotza-zigorraren aurkako Elkarteak. Euskal jatorriko presoa 1972an jaio zen, Fort Lauderdalen (Floridako hego-ekialdea).
Epaimahaiko aukeraketaren azken fasearekin hasiko da epaiketa, baina horri heldu baino lehen zenbait bilera egingo dituzte, epaimahaiko 12 kideak nola hautatuko dituzten zehazteko.