Gizartea -
Emakumeen salerosketa
Sexu esplotaziorako sare bat desegin dute: sei pertsona atxilotu dituzte Bizkaian
Egunero 12 orduko lanaldiak egitera eta ostatu gastuengatik 55 euro ordaintzera behartzen zituzten biktimak. Hiru emakume askatu dituzte, eta Trapagaraneko klub bat itxi dute.
Agentzia | Erredakzioa
Espainiako Poliziak sexu esplotazioan aritzen zen sare bat desegin du eta 23 pertsona atxilotu ditu, horietako sei Bizkaian. Horrez gain, Trapagarango klub bat itxi dute.
Operazioan prostituitzera behartutako hiru emakume askatu dituzte.
Atxiloketak Kantabrian (12), Bizkaian (6), Burgosen (3), Palentzian (1) eta Valladoliden (1) egin dituzte. Horrez gain, sei miaketa egin dituzte eta hainbat gauza konfiskatu dituzte agenteek: 1.000 euro esku-dirutan, droga kopuru txikian, arma zuriak, beisboleko bate bat, 38 kalibreko kartutxoak, eta dokumentazio ugari.
Lanaldi nekagarriak eta ostatuagatik ordaintzera behartuak
Sareak Hego Amerikan harrapatzen zituen biktimak, batez ere Venezuelan, Paraguain eta Dominikar Errepublikan. Herrialde horietan zituzten bitartekariek "etorkizun oparoa" hitzematen zieten ekonomikoki beharrizana zuten emakumeei, eta Espainiako Estatura ekartzen zituzten. Bidaiarengatik zorretan geratzen ziren emakumeak, eta ordaintzeko prostituitzera behartzen zituzten.
Biktimek 12 ordurainoko lanaldiak egin behar izaten zituzten (igandetik ostegunera, 17:00etatik 04:00etara, eta ordubete gehiago ostiral eta larunbatetan). Are, bezero batek eskatuta, lanaldia luzeagoak egiten zituzten maiz. Horrez gain, zenbaitetan "bezero berezi edo ohikoei zerbitzua eskaini" behar zieten kobratu barik. Sarearen buruzagiek egindako sexu erasoak ere ohikoak ziren.
Irabazitako guztia kentzen zieten emakumeei, zorra kitatzeko. Halaber, ostatu eta argi gastuengatik egunero 55 euro ordaindu behar zituzten biktimek. Batez beste "eguneko hiru zerbitzu eskaini behar zituzten, eta bezerorik ez zegoen egunetan ez egindakoak beste egun batzuetan egin behar zituzten".
Trapagarango klubaz gain, Barcena de Ciceroko (Kantabria) lokal bat ere zarratu dute.
Pablo Zuloaga Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkariak eta Hector Moreno Espainiako Poliziaren Kantabriako buruak prentsaurrekoan azaldu dituzte operazioaren nondik norakoak. Euren hitzetan, 2017ko uztailean abiatu zuten, eta oraindik zabalik dago, jada lokaletan ez zeuden emakumeak identifikatzen ari direlako.
Ihes egin zuen emakume batek salatu zuen
Ikerketa duela urtebete abiatu zen, ihes egitea lortu zuen sarearen biktima batek aurkeztutako salaketari esker.
Denbora honetan ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, sarea lankidetzan zebiltzan bi taldek osatzen zuten. Dena dela, bien arteko harremanak okerrera egin zuen, eta uneren batean borroka latza izan zuten Santanderren. Kideetako batzuk larri zauritu ziren.