Gizartea -

Indarkeria matxista

Eraso matxistak ekiditeko aplikazio mugikor bat probatuko dute Bilboko Aste Nagusian

Sakelako telefonoan botoi bat sakatzea nahikoa izango da Udaltzaingoa ohartarazteko. Aplikazioa datorren abuztuan egongo da eskuragarri.

Eraso matxistak ekiditeko aplikazio mugikorraren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Udala
Eraso matxistak ekiditeko aplikazio mugikorraren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Udala
Eraso matxistak ekiditeko aplikazio mugikorraren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Udala

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak eraso matxistak ekiditeko sakelako telefonorako aplikazio bat jarriko du martxan datorren abuztuan. Une honetan indarkeria matxista sufritu duten hainbat emakume ari dira erreminta probatzen eta datorren Aste Nagusian emakume guztiek eskuratu ahal izango dute.

Etorkizunean aplikazio hori herritar guztiek erabili ahal izatea da Udalaren asmoa, Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak azaldu duenez.

'AgreStop/EraStop' izeneko aplikazioak botoi bat sakatuta eta deirik egin gabe Udaltzaingoa ohartaraztea ahalbidetzen du eta guztira hiru funtzio eskaintzen ditu:  eraso bat pairatzen ari zarela abisatzea, ikusten ari zaren eraso bat salatzea eta emakume bati etxera joateko "laguntza birtuala" ematea.

Funtzio garrantzitsuena lehendabizikoa da, eraso bat jasaten ari zarela ohartarazteko balio baitu. Larrialdietako botoia da. Botoi hori sakatzen duenak berehalako seinale bat bidaliko dio Udaltzaingoari bere geolokalizazioarekin. Horri esker, agenteak laguntza ematera joan ahal izango dira azkar batean.

Aplikazioak eraso baten lekuko izaten ari zarela jakinarazteko aukera ere ematen du. Aukera horrekin, alerta bat bidaliko zaio Udaltzaingoari eta patruila bat bertaratuko da.

Hirugarren funtzioak emakumeari etxera itzultzeko "laguntza birtuala" eskaintzeko balio du. Aldez aurretik, norbere kontaktuetan adierazi behar da nor izango den laguntzailea. Erabiltzailea etxera doan bitartean, laguntzaileak mapa birtual batean ikusiko ditu haren urratsak. Uneren batean erabiltzailea bidetik aldendu edo ez duela aurrera egiten ikusten badu, laguntzaileak Udaltzaingoari dei diezaioke.

Udalak jakinarazi duenez, aplikazio mugikorra abuztu hasieran jarriko dute eskuragarri eta doan jaitsi ahal izango da App Store-n eta Play Store-n, Android-en eta iOSen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo Indarkeria matxista Telefonia mugikorra Gizartea Albisteak Matxismoa Sexu erasoak Aplikazioak