Gizartea -
Nafarroako Unibertsitatea
Bi zaurituk ospitalean jarraitzen dute, horietako bat oso larri
Batek hobera egin du; besteak, ordea, oso larri jarraitzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazkenean, Nafarroako Unibertsitateko campusean, izei baten adar handi batek azpian harrapatu zituen pertsonetatik bik ospitalean jarraitzen dute, horietako bat oso larri, Jostailu Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (AEFJ) jakitera eman duenez. Iruñera hurbildu zen taldea elkarteko kideek osatzen zuten.
Asteazkenean, Elkarteko eta Crecer Jugando Fundazioko talde teknikoa Iruñera joan zen, Nafarroako Unibertsitatean eskolak emateko, AEFJk agiri batean azaldu duenez. Auto batetik ekipajea ateratzen ari zirenean, haize-bolada batek zuhaitzaren adar handi bat hautsi zuen.
Alacanteko eta Madrilgo 11 pertsona azpian harrapatu zituen, baita Nafarroako Unibertsitateko irakasle bat ere. 10 pertsona arin zauritu ziren, baina bik Nafarroako Ospitalean jarraitzen dute larri. Batek hobera egin du; besteak, ordea, oso larri jarraitzen du.
Kaltedunen “intimitatea mantentzeko”, parte medikorik eta zaurituen datu pertsonalik jakitera emango ez dutela erantsi du AEFJk.
Azkenik, ezbeharra gertatu ondoren, Nafarroako Unibertsitateak eskainitako babes eta laguntza tekniko, logistiko eta “batez ere humanoa bene-benetan” eskertu du Elkarteak.