Gizartea -
Nafarroa
Trafikoa etengo dute Dantxarinean, Tourreko etapagatik
12:00etatik 17:30era bitartean egongo da zirkulazioa etenda. Halaber, aparkaleku bat jarriko dute 3.000 ibilgailurentzat, Cote de Pinodietan.
Agentziak | Erredakzioa
Trafikoa moztuko dute larunbat honetan Dantxarinean (Nafarroa), Frantziako Tourreko erlojupeko etapa dela eta, Senpere eta Ezpeleta artean.
Barne Ministerioko Zuzendaritza Nagusiak bertaratu nahi dutenei lehenago joatea aholkatu die, eta ibilgailuak galtzadan ez aparkatzeko esan die, Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez.
Halaber, Foruzaingoak ohartarazi du trafikoa etengo dutela, 12:00etatik 17:30era bitartean.
Tourreko zaleei sarbidea errazteko asmoz, aparkaleku bat jarriko dute 3.000 ibilgailurentzat, Cote de Pinodietan.
Aparkalekua betetzen denean, Dantxarineko Las Ventaseko gunean ezarritako lekutan aparkatu ahal izango da, hauek bete arte. Gero ibilgailuek ezingo dute pasatu.
Tourreko etapako lekura gerturatzeko autobus zerbitzua eskainiko dute, eta Ainhoako herrira iritsiko da, 08:00ak eta 12:00ak bitartean. Itzultzeko autobusak 16:00etatik 20:00etara bitartean izango dira.
Aurreikusitako gertaeren aurrean, Foruzaingoak iristeko denborak antolatzea, agenteen aginduak betetzea eta zirkulazio arauak errespetatzea aholkatu du, batik bat ibilgailuak galtzadan aparkatzeko debekuarekin zerikusia dutenekin.