Gizartea -
Txatarrak su hartu du
Pasaiako Portuko sutea itzali dute suhiltzaileek
Suhiltzaileek gau osoa emango dute su hartutako txatarra hozten, portuko langileen laguntzarekin.
EITB.EUS
Eguerdian, Pasaiako Portuan piztu den sutea itzali dute Gipuzkoako suhiltzaileek dagoeneko. Horrela, 21:00ak jo baino minutu batzuk lehenago sua itzaltzea lortu dute.
Gipuzkoako suhiltzaileek jakitera eman dutenez, sua 15:30 aldera kontrolatzea lortu dute, eta ordu batzuk geroago itzali dute. Hala ere, suhiltzaileek gau osoa emango dute su hartutako txatarra hozten, portuko langileen laguntzarekin.
Pilatuta dagoen txatarrak su hartu du. Garrek eraginda, urrutitik ikus zitekeen ke-laino beltza sortu da.
Irungo, Donostiako eta Zarautzeko suhiltzaileak izan dira lanean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak suteagatik leihoak ixteko gomendioa eman du hainbat lekutan: Lezo, Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Trintxerpe, Mirakruz eta Ulia. Horrez gain, haurrak eta arnasa hartzeko arazoak dituzten adinekoak inguru horretatik kanpo mantentzea gomendatu du.
Larrialdi zerbitzuek 12:10ean jaso dute deia sutearen berri eman dien deia. Lezoko kaian piztu da sua, portuan pilatutako txatarra pila batean, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko.
Garrak antzeman eta berehala, Pasaiako Portu Agintaritzak Portuko Emergentzia Plana aktibatu du, sua itzaltzeko lanak abian jarriz.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun Saileko teknikoak ere lanean izan dira, ke-lainoa kaltegarria ote zen ikertzeko.
Bestalde, sutearen ondorioz auto-ilarak sortu dira GI-636 errepidean, Lezo eta Errenteriarako irteeran.