Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Biktimek ez dute erasotzailearen aurka deklaratu beharko babesa jasotzeko
Ministerio Fiskalaren, zerbitzu sozialen, zerbitzu berezien edo harrera zerbitzuen txostenen bidez lortu ahalko ditu biktimak dagozkion eskubideak.
agentziak | erredakzioa
Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimek ez dute erasotzaileen aurka deklaratu beharko babes soziala eta juridikoa jasotzeko, orain arte ez bezala, eta tratu txarren biktima direla erakusteko aukera gehiago izango dituzte ebazpen irmoaz aparte.
Horixe onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna garatzeko premiazko neurri gisa. Carmen Calvo presidenteordeak asteartean aurreratu zuen testuaren zati bat, Berdintasun Sektorearen Konferentzian.
Dekretuari esker, berdintasuna eta genero indarkeriaren kontrako borroka sustatzeko eskumena udalei itzuliko zaie, eta babes judiziala, justiziara jotzeko bidea eta biktimen laguntza indartuko da.
Era berean, genero indarkeriaren aurkako legearen erreformarekin, biktimak zigor prozesuan duen partehartzea hobetu nahi dute, abokatuak eta prokuradoreak izendatzeko prozesua azkartuta.
Presidentzia Ministerioaren arabera, biktimak prozesuaren edozein unetan har dezake akusazio partikular papera.
Espainiako Gobernua Europako Kontseiluaren Hitzarmenean oinarritu da biktimaren babesa ez uzteko ekintza legalen edo erasotzailearen aurkako deklarazioaren menpe.
Hori horrela, lege integrala aldatuko dute emakumeei indarkeriaren biktima direla egiaztatzeko aukera gehiago emateko, orain arte soilik ebazpenarekin egin baitzezaketen.
Biktimak dagozkion eskubideak lortu ahal izango ditu Ministerio Fiskalaren, zerbitzu sozialen, zerbitzu berezien edo harrera zerbitzuen txostenen bidez.
Biktima guztiak onartuko direla ospatu du Urkulluk
Iñigo Urkullu lehendakaria pozik agertu da gaur, Espainiako eta Euskadiko Gobernuen akordioari esker, PPko Exekutiboak poliziaren gehiegikerien legearen aurka aurkeztutako helegitea kendu dutelako. Izan ere, "lehen aldiz posible izango da biktima guztiak modu berean onartzea legearen aurrean".
Sare sozialen bidez, "berri ona dela adierazi du, biktima guztiak onartzea eta erreparatzea posible" izango delako.
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernurako sailburuak, bere aldetik, polizia gehiegikerien biktimen legearen konstituzionaltasuna defendatu du. Eusko Jaurlaritzak moldatu egin du, Auzitegi Konstituzionaletik "libratzeko", eta Espainiako Gobernuak helegitea kendu egingo duela iragarri du, inpugnatutako arauak aldatu ostean.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.