Gizartea -
Oporrak
Normaltasuna Euskal Herriko errepideetan, goizeko auto-pilaketak amaitu ostean
Pilaketak izan dira Armiñonen, Araban; A-8 autobidean, Portugaleten eta Irunen, Kantabriarako noranzkoan. Gipuzkoan, Zarauzko ordainlekuan ere izan dira pilaketak, nahiz eta egoera kontrolpean dagoen.
Agentziak | Erredakzioa
Auto-ilara ugari sortu dira Euskal Herriko errepideetan abuztuko lehen asteburu honetan, irteera-operazioa dela eta. Arratsaldeko lehen ordurako bere onera itzuli da trafikoa, eta normaltasuna da nagusi.
Araban, 7 kilometro arteko pilaketak izan dira A-1 eta AP-1 errepideek bat egiten duten tokian, Armiñonen. Bizkaian, 13 kilometroko ilarak egon dira A-8an, Kantabriarako bidean, Portugalete eta Muskiz artean. Gipuzkoan, A-8an, sei kilometroko pilaketak sortu dira Irunen, Bilborako bidean. Azkenik, Zarauzko ordainlekuan ere kotxe ugari pilatu dira.
Non kontsultatu daiteke errepideen egoera
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 011 telefonora deitzea aholkatzen du informazioa eskatzeko bidaiari ekin aurretik. Era berean, Trafikoko webgunean edo sare sozialetan errepideen egoera zein den kontsultatu daiteke.
Bestalde, EiTBk ere zirkulazioan suerta litezkeen arazoen berri emango dizu eitb.eus-ek duen trafikoari buruzko atal berezian, eta ordu erdiro Euskadi Irratiko buletinetan.