Gizartea -

Migrazioa

Algecirasera heldu da 'Open Arms' ontzia, 87 migratzailerekin

Cadizeko kostaldera heldu diren erreskatatutakoen artean 12 adingababe daude, eta horietako sei, gainera, bakarrik doaz.

'Open Arms' ontzia, Cadizeko kostaldera heltzen / EFE.
'Open Arms' ontzia, Cadizeko kostaldera heltzen / EFE.
‘Open Arms’ ontzia Algecirasko portura iritsi da, 87 migratzailerekin

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Open Arms', Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen ontzia, Mediterraneotik erreskatatutako 87 migratzailerekin, Algeciraseko (Cadiz) portura heldu da, ostegunean, 8:45ean.

Europa Press agentziari erakundeko iturriek esan diotenez, 12 adingabe daude Libiako kostaldetik salbatutako 87 migratzaileen artean. Horietako sei, gainera, bakarrik daude. Bost Sudanekoak dira, eta bestea, Gambiakoa.

Ontzia 8:45ean heldu da Crinavis kaitik oso gertu dagoen gune batera, eta ordu erdi geroago atrakatu du horretarako aurreikusita zegoen lekuan, 9:25ean.

'Open Arms' ontziko migratzaile batzuek pankarta bat erakutsi dute "Gracias España" ("Eskerrik asko Espainia") mezuarekin eta bihotz batekin.

Emergentzietarako Berehalako Erantzun Talde bat dauka bertan Gurutze Gorriak, 30 bat lagunekin, migratzaileek arreta medikoa jaso dezaten. Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Acnur eta CEAR bezalako erakundeak ere portuan daude.

Osasun arreta jaso ostean, migratzaileak poliziaren esku geratuko dira, identifikatuak izateko, eta gero, Chiclanako Harrera, Emergentzia eta Banaketa Zentro berrira pasako dira.

'Open Arms' ontziak Espainiar Estatuko portu batean migratzaileak lehorreratzen dituen hirugarren aldia da, Pedro Sanchezen Gobernuak baimena eman zuenetik.

Uztailaren 4an 60 migratzaile heldu ziren Bartzelonara, eta 21ean, emakume bat eta beste emakume baten eta ume baten gorpuak iritsi ziren Palmara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Mediterraneo itsasoa