Gizartea -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Es Satty Ripolleko imamak erradikalizatu zuen zelula, Mossoen arabera

Esquadra Mossoek egindako txosten baten arabera, Bartzelona eta Cambrilsen atentatuak egin zituen zelulako kideek haien ohiturak aldatu zituzten imama udalerrira heldu ondoren.

Es Satty imamaren meskita, Ripollen. Artxiboko argazkia: EFE
Zenbait fededun, Ripolleko meskitaren ondoan
Es Satty imamaren meskita, Ripollen. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abdelbaki Es Satty imama Ripollera heldu zenean, atentatuak baino bi urte lehenago, A17ko zelula erradikalizatu eta isolatu zen. Ordura arte,  zelulako kideek bizitza "normala" zuten; lan egiten, futbolean jolasten, haxixa erretzen eta lagunekin alkohola edaten ematen zuten denbora.

Hala adierazi dute Esquadra Mossoek egindako txosten batean, Eferen arabera. Txostena Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileari igorri diote, bera ari baita ikertzen Bartzelona eta Cambrilsen iazko abuztuan izandako atentatuak (16 pertsona hil eta ehun baino gehiago zauritu ziren).

Atentatuen ostean, Mossoen Informazio Komisaria Nagusiko agenteek zelulako kideen lagunak eta horien senideak galdekatu zituzten. Haien esanetan, kideak Ripolleko imam berria heldu ondoren erradikalizatu ziren, apurka-apurka haien ingurukoengandik urrundu eta loturak hautsi zituzten.

Mohamed Houli Chemlan kartzelan dagoen gazteetako baten eta Moussa Oukabir, El Houssaine Abouyaaqoub, Said Aalla eta Omar Hichamyren (Cambrilsen Poliziak hil zituen) lagun baten arabera, bere lagunek bizitza normala zuten, haien adeineko beste edozeinena bezalakoa, Abdelbaki Es Satty imama Ripollera heldu zen arte: "ohiturak aldatzen hasi ziren" orduan.

Lekuko horren hitzetan, nagusienak izan ziren lehenak ohiturak aldatzen, hau da, Younes Abouyaaqoub (Rambletako terrorista, Youssef Aalla (Alcanarren hildakoa) eta Mohamed Hichamy (Cambrilsen hildakoa). Futbolean jolasteari utzi zioten eta egunero otoi egiten hasi ziren, ez zituzten neskak agurtzen eta gazteei "errieta" egiten zieten gehiago otoitz egin zezaten.

Aipatutako lekukoak adierazi duenez, nagusienek aurretik ere otoi egiten zuten, baina Es Satty imama heldu ostean "zorrotzagoak bihurtu ziren".

Lekukoa El Houssaine Abouyaaqoub eta Said Aalla ere aldatu zirela ohartu zen; zorrotzagoak ziren otoi egiteko orduan, eta Rambletako terroristaren anaiak musika entzuteari ere utzi zion, Korana soilik entzuteko.

Gainera, futbolaz edo txangoez hitz egiten zen WhatsAppeko taldeetatik ere irten ziren gazteak. Euren burua isolatzen zuten bitartean, Es Satty imamarekin gero eta sarriago egiten zituzten bilerak. Batzuetan, furgoneta zuri batean biltzen ziren, skate egiteko gune batean ondoan.

Gazteen ingurukoen arabera, zelulako kideek ez ikusiarena egiten zuten imama kalean ikusten zutenean, eta ez zuten agurtzen.

Gazteen beste lagun batek Mossoei esan zienez, jarrera aldaketa "nabarmenena" Youssef Aallak izan zuen. Haxixa erretzen zuen, alkohola edan, eta kokaina eta bestelako substantzia batzuk kontsumitu. "Oso gaizki" egon zen garai batean, ohitura horiek zirela eta, Ripolletik kanpo egon zen arte. Urtebete eman zuen kanpoan, eta itzuli zenean "ohiturak eta bizimodua erabat aldatu zituen, erlijiozale amorratua bilakatuta".

Lekuko horren ustean, Aalla Frantzia edo Belgikara joan zen garai horretan, lehena izan zen erradikalizatzen eta anaia nagusiengan eragiten, "ondoren gazteagoak zirenak konbentzitzeko".

Beste lagun batek Younes Abouyaaqoub, Mohamed Hichamy, Omar Hichamy eta Youssef Aallarekin zuen harremana eten zuen, "euren zortzikoan ibili" eta erlijioan pentsatu besterik ez zutelako egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Bartzelona Atentatuak Epaiketak Gizartea Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak