Gizartea -

'O Marisquiño' musika jaialdia

377 pertsona zauritu dira pasealeku bat behera erorita Vigoko portuan

Hipotesi nagusiaren arabera, kontzertua ikusten ari ziren pertsonen pisuagatik erori da plataforma. Ez omen da inor hondakin artean harrapatuta geratu, baina bederatzi ospitaleratu behar izan dituzte.

Suhitlzaileak lekuan lanean. Argazkia: EFE
Suhiltzaileak Vigoko Portuan lanean, eroritako plataformaren hondakinen artean
Vigon izandako erorketa ''mantentze-arazoengatik'' izan dela uste dute

1:40

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

377 pertsona zauritu dira bart Vigoko Portuan eta horietatik bederatzi ospitaleratu dituzte, pasealekuaren plataforma bat behera erorita, 'O Marisquiño' musika jaialdian kontzertu bat ikusten ari zirela.

Gauerdi inguruan gertatu da, antza, musika emanaldia ikusten ari ziren ikus-entzuleen pisuak eraginda. Horietako batzuk uretara erori dira. 377 zaurituetako bederatzi ospitalera eraman dituzte, bi adingabe tartean, eta horietako bost larri zauritu dira.

Abel Caballero Vigoko alkateak "behin-behineko" datuak eman ditu; horren arabera, ehun zauritu baino gehiago daude, horietako batzuk larri.

Caballeroren esanetan, suhiltzaileek istripua izan den lekua aztertu dute kamera termikoak erabiliz, eta eroritako plataformaren azpian ez dute inor harrapatuta aurkitu.

Bestalde, Galiziako 112 Larrialdietako Zerbitzuak azaldu duenez, guztira 42 anbulantzia bertaratu dira portura.

Horren arabera, zaurituak Alvaro Cunqueiro, Povisa, Fatima eta Concheiro ospitaleetara eta etengabeko arreta emateko postura eraman dituzte.

Erorketa "mantentze-arazoengatik" izan dela uste du portuko presidenteak

Bestalde, Enrique Lopez Veiga Vigoko portuko jarduerako presidenteak azaldu duenez, "pasealekua egitura-akats bategatik erori da, eta ez mantentze-arazo bategatik".

Lopez Veigak esan du, edonola ere, portuak ahalik eta azkarren, datozen orduetan, adituen azterketa bat eskatuko duela, gertatutakoa argitzeko. Halaber, egitura osoa berrikusiko duela nabarmendu du, nola dagoen ikusteko, eta berriro antzeko zerbait gertatzea ekiditeko.

Horrez gain, portuak lursailak bakarrik uzten dituela gogorarazi du, eta edukiera kontrolatzea organizazioari dagokiola.

Alderdi Popularrak ziurtatu duenez, joan den astean plataforma horren egoera kaxkarraren berri eman zuen bere Twitter kontuaren bidez zabaldutako mezu batean.

Ospitaleratu duten pertsona bat, zaintza berezien unitatean

Pasealekua erortzeagatik ospitaleratuta dauden zazpi pertsonetatik bat zaintza berezien unitatean dago. Galiziako Gobernutik adierazi dutenez, bere bizia ez dago arriskuan.

Osasun kontseilaritzak ohar batean esan du 316 pertsona artatu dituztela, eta, horietatik, 255 ospitaletan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Galizia Jaialdiak