Gizartea -
Droga operazioa
Hiru bizkaitar atxilotu dituzte haxixa Europara sartzea egotzita
Barne Ministerioaren arabera, 520 kilo baino gehiago atzeman dizkiete. Drogak 800.000 euroko balioa izango lukete Espainian, eta 1.140.000 eurokoa, berriz, Frantzian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei pertsona atxilotu dituzte, hiru bizkaitar tartean, haxixa Europara sartzea egotzita. 520 kilo baino gehiago atzeman dituzte, eta miaketak egin dituzte, Trapagaranen eta Portugaleten, besteak beste.
Guardia Zibilaren zuzendaritza nagusiaren esanetan, ‘Tecom-Pikas’ gisa izendatu duten operazio honetako ikerketa Barakaldoko 1. Instrukzioko Epaitegiak zuzendu du.
Bizkaian, Malagan eta Gibraltarren desegin duten sareak itsasontzi arinez ekartzen zuen droga Afrikatik, eta kamioiz banatzen zuen gero.
Penintsulan droga zabaltzeko bi kamioi atzeman dituzte operazioan, eta 520 kilo haxix atzeman dute batean eta sakonera bikoitzeko zorua bestean. Barne Ministerioaren arabera, atzemandako drogak 800.000 euroko balioa izango luke Espainiako Estatuan, eta 1.140.000 eurokoa, berriz, Frantziakoan.