Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon batek emakume bat jo du Bilboko Miribilla auzoan
Bilboko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek sexu erasoa "irmotasun osoz" gaitzesteko adierazpena onartu dute, eta eraso sexisten konplize izan ez daitezen eskatu diete herritarrei.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du Bilboko Miribilla auzoan, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Izan ere, atxilotuak kale erdian jo zuen emakumea. Bilboko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, genero indarkeria egotzi diote atxilotuari.
Udaltzaingoak 21:40ak aldera jaso zuen abisua, Miribilla auzoan eraso matxista bat gertatzen ari zela esanez. Hala, lekura hurbildu zen patruila batek gizonezkoa atxilotu zuen.
Erasoaren berri izan ostean, Bilboko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek sexu erasoa "irmotasun osoz" gaitzesteko adierazpena aho batez onartu dute. Ildo horretatik, Udalak "bere samina agertu du Miribillan izandako eraso matxistagatik". Udalaren esanetan, "ekintza horrek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar".
Arrazoi horregatik, udalak erasoa "arbuiatu eta ulertezintzat" jo du. Ondorioz, erasoa pairatu duen emakumeari eta gertukoei ere "babesa helarazi" die.
"Halako eraso sexual eta sexistek gizartean eta eguneroko bizitzan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dute", azpimarratu dute alderdiek. Era berean, "emakumeei errespetuzkoak ez diren jokabideak erakustea baztertu dute, keinu eta jarrera sexistetatik hasi eta eraso gogorrenetara".
Gauzak horrela, eraso sexisten konplize izan ez daitezen eskatu die Bilboko Udalak herritarrei, azken finean, eraso matxisten aurrean ardura kolektiboa izatera deituz. Halaber, erasoen aurrean inongo tolerantziarik izan ez dezaten eskatu die bilbotarrei. Azkenik, eraso hori gaitzesteko jardueretan parte hartuko duela iragarri du Bilboko Udalak.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.