Gizartea -
Legebiltzarra
EAEko Tabakoaren aurkako Legea ez da Estatukoa baino gogorragoa izango
Jaurlaritzak nahi zuenaren kontra, ez ditu debeku polemikoenak onartuko. Euskadik Tabakoaren aurkako Lege propioa izango du otsailean.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Tabakoaren aurkako Legea Estatuko arauarekin parekatuko dute. Modu honetan, ez da Estatuko legea baino gogorragoa izango, eta aurreikusitako murrizketa polemikoenak ez dira arautegian sartuko.
Legea aztertzen duen Eusko Legebiltzarreko Batzordearen presidente Mikel Unzaluk azaldu du Euskadik bere tabako lege propioa otsailean izango duela. Jaurlaritzak nahi zuenaren kontra, ez da Estatuko legea baino gogorragoa izango. Adibidez, autoan adingabe bat joan ezkero, erretzea debekatzeko asmoa zuen Jaurlaritzak, baina, azkenik, debeku hori ez dute onartuko.
Modu honetan, EAEko Tabakoaren aurkako Legea Espainian urtarrilean indarrean sartu zenaren oso antzekoa izango da.
Haurrak doazen autoetan erretzea debekatzea, gasolindegietan tabakoaren salmenta galaraztea eta elkarte gastronomikoetarako araudi berezia sortzea proposatu zuen Jaurlaritzak, baina otsailean bozkatuko duten Legean ez dira puntu hauek agertuko.
Hori bai, oraindik argitzeke duten ezaugarria ikuskaritzaren ingurukoa da. Ertzaintzak bakarrik ala udaltzainek ere Legea zaintzeko ardura izango duten erabaki behar dute oraindik.
Otsaileko lehenengo Osoko bilkuran onartuko du Eusko Legebiltzarrak Tabakoaren Aurkako euskal Legea. Alderdi nagusiek Lege berriari babesa emango dietela azaldu du gaur Mikel Unzaluk.