Gizartea -
Astelehen honetan
6.700 euro zituen Errenteriako bizilagun batzuen motxila topatu dute Granadan
Oporretan zeuden andaluziar hirian, eta motxila aparkaleku batean zuten galdua; dokumentazioa ere zegoen barruan.
Agentziak | Erredakzioa
Errenterian bizi diren turista batzuen motxila topatu dute Granadan; motxilaren barruan, 6.700 euro baino gehiago zeuden. Guardia Zibila Errenteriako bizilagun horiekin harremanetan jarri zen astelehen honetan, xede izanik esatea bere eskuetan zegoela, Malagako bikote batek aurkitu eta haiei emanda.
Guardia Zibilak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez, motxila Malagako emakume batek eta gizon batek topatu zuten; Granadan zeuden, bisitan, eta, 17:45 aldera, San Agustin aparkalekura autoa berriro hartzeko asmoarekin joan zirela, motxila ikusi zuten lurrean; ireki zutenean, ikusi zuten jabeen dokumentazioa zuela, bai eta 6.722 euro, eskudirutan.
Bikote horrek Granadako Guardia Zibilaren helbidea bilatu zuen, mugikorrean, eta, handik gutxira, bertara joan zen, agenteei motxila ematea xede.
Faktura bat, eta mugikor bat ere bai
Agenteek motxila aztertu zuten, eta, dokumentazioaz eta diruaz gain, Errenteriako biztanleetako baten izena zuen hotel-faktura bat eta telefono mugikor bat ere ikusi zuten barruan.
Telefonoz deitu zioten jabeari, eta topaketaren berri eman zioten agenteek: beraiek zutela motxila, eta, nahi zutenean, horren bila joan zitezkeela. Segituan bertaratu ziren Errenteriako bizilagunak.
Motxilaren jabeak, Malagako turistak egiten ari ziren bezala, bisitan zeuden, Granadan. Familiako seme-alabetako batek, gainerakoak autoaren barruan konturatu gabe, leihatilatik bota zuen motxila, oraindik aparkalekuan zeudela.
Guardia Zibilaren deia jaso zutenean, Jaenen zeuden, etxerako bueltan; izan ere, "oporretarako zuten dirua galdua zuten".
Asteleheneko 18:30 aldera joan ziren Errenteriako bizilagunak (jatorriz, Txinakoak dira), eta Malagako bikotearekin egon ziren, azken horiek oraindik bertan baitzeuden.