Gizartea -
Alonsok berak hartuko du
Xabi Alonsok San Sebastian bezperan jasoko du Urrezko Danborra
Urtarrilaren 20an Kopa partida jokatuko duen arren, Real Madrileko arduradunek baimena eman diote tolosarrari asteazken arratsaldean Donostiara joan eta Urrezko Danborra hartzeko.
Erredakzioa
Xabi Alonso Real Madrileko erdilariak Donostiako Urrezko Danborra hilaren 19an jasoko du, Gipuzkoako hiriburuko patroiaren bezperan, 20an Atletico Madrilen aurka Kopa partida jokatu behar duelako.
Odon Elorza Donostiako alkateak konfirmatu duenez, Madrileko taldeko arduradunek baimena eman diote Alonsori asteazken arratsaldean Donostiara joan eta saria jasotzeko. Hori dela eta, Udalak tradizioa aldatu eta Urrezko Danborra hilaren 19an, 18:00etan, ematea erabaki du, jaietako egun handian egin beharrean.
Hori dela eta, "urtarrilaren 20an izaten den giroa" bezperara eramango dutela ziurtatu du Elorzak, izan ere, danborradaren bat antolatuko dute eta "ezusteko batzuk ere izango dira ekitaldiari emozioa eman eta Xabi Alonso ere ezustean harrapatzeko".
Donostiako alkateak aurreratutakoaren arabera, jokalari tolosarrari balkoira atera eta bertan izango diren "ehunka" neska-mutilei agurtzeko eskatuko diote.
Urrezko Danborraren ekitaldia aurreratzeak jaietako egutegia aldatzea ekarriko du. Ondorioz, Hiritarren Merituaren Dominak San Sebastian egunean emango dituzte, eta ez 19an, ohi bezala.